Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

      Marilyn Monroe hil bazen hil, geroztik luzaz mintzatu da jendea lilazko andere enigmatiko honi buruz. Eta hara gauzak nola izaten diren; ondoren erakusten dugun poema nimino hau Marilynek berak, hil aurreko unetan hondua da. Eta guk dakigula behintzat, ez du inork inon inoiz poema iradokor honen aipamenik egin ukan. Otsondo zabalera begira, desespero larrizko unetan, pentsatzekoa da zelan ediren zatekeen Monroe anderea, Hollywood alde zeken hartan.

 

 

URRUNAREN ALOR URDINEAN

 

Han, mendi biribil urrunak

zahartzen diren mugan...

Han, non lur zeken honen begi biak

egunoroz txandatzen diren hegian...

Non, begirada orbangabe hezeak

bitan banatzen diren lekuan,

—urrunaren mirail arrilatuan—

han egotziren dut ene etsipena

laborariek hazia bezala

uztaroan, hondu dadinean

oro pausatuki behatzeko.

Han bai, urrunaren alor urdinean

haurrek amets ikaratiak

egozten dituzten antzera, eta

neskatxa pottola subnormalek

beren irrifarre gozoak.

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985