Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

      Euskaldunok, gizaseme gupidagabe eta gotortzat eduki izan dugu geuren burua. Eta honen lekuko gisara maiz aipatu izan ditugu aintzinatean bizitako hainbat gatazka eta gerra ilun. Gerra krudel horietariko bat normandarren aurka eginikoa izan dateke. Hain zuzen, Julian Mendigatxa, —Bidangotzeko zaldun gotorra— beste nafar asko bezala gerrate honetara deitua izan zen. Mendigatxatarrek betidanik ukan baitzuten gudari bortitzen sona. Aipaturiko Julian honek, Normandiaruntz partitzeko bezperan, esku izkribu bat utzi zion bere anaia eroari, faborez ongi gorde zezala erregutuz. Biharamun goizean anaia eroa kabaleak alatzera zihoala, etxapeko urkiaren adarretik zintzilik ediren zuen bere anaia zalduna, zakur deslai baten antzera urkatua. Haatik, Julian gotorra hilotzik utzirik, Normandia aldera segitu zuen armadak, harrapaladan zihoan zalduneria gorpu tristearen aitzinean baratu ere egin gabe. Hala eta guztiz ere, Jainkoari eskerrak, Julianen esku izkribua herriko abadeak jaso zuen anaia ero enoatuaren eskutik. Hona non duzun, nik elizako artxibotik hartu eta hona transkribatua.

 

 

ADIO ENE ANAIA MINA

 

Erraiek, gudari gotor horiei aurrenik

eta konprenitu ez nauten orori gero.

Ilunabar oskorriaren isiltasunean

mugaz bestaldeko lurralde umoa

kontenplatzerat aienatu naizela,

non, hegazti eta basabereak oro

malerusen ahurretan pausatzen diren

eta izakiak oro etengabe mosukatzen.

Erraiek, neholako gupida gaberik

urki adarrotan zintzilik ediren naukala

ene azken irrifarre disekatua

amesturiko lurraldeetara gidaturik.

Erraiek, goiztiri goibel batetan

norberak, hurbilagotik so egitean

hagitzez ederrago dela heriotza

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985