|
Joannes d'Iraolaren poema bilduma
GOIZUETAN
ene gurasoei
Martxoko gau besta zen oro oskarri argi ahulez estalia. Azienda gobernatu ondoren atarian aita, zohardiari so. Hegaztien lokantuz hontza, aldizka beheko ibar ilunetik hegialdera. Oholtzaz inguratua, logelan ama zura zaharrei begira ohantzean etzana. Malkoak masailetan behera oinazezko atsegin betean balakuka seme sortu berria altzoan duela. Han, oholtza eta abere artean sortu zen argiaren dizdira han gelditu ziren ene begiak sabai azpiko armiarma sareetan han eman zidan haizeak arnasa. Han galdu nituen eskuak odola, elurra eta beleen artean. Geroragoan, haurtzaroan ere han bete nuen armairua miru luma eta hartzuriz urkihosto eta muxika hezurrez. Han hozkatu ninduten lehenbizikotz laztantzen nituen erleek... ihes egiten eskura nahi nituen larratxori izukorrek. Han ikasi, oro amoltsuki maitatuz bakarrago izaten.
Joannes d'Iraolaren poema bilduma |