ATZERAKA ZENBATZEA
Urdinak eta gorriak nahasten
ditugu edalontzi opakoetan,
baina edaten duguna ez da
morea, okrea agian.
Beroa eta hotza sentitzen
ditugu esku eta oinetan,
baina larrua ez daukagu epel,
epel ez behintzat.
Aldi batzuetan lo egiten dugu
eta esna egoten gara besteetan,
baina bataz-bestekoa ez da
ez loa, ez ernea.
Ez da tesi eta antitesien sintesia,
ezta hipotesia ere.
Ez da froga bat, ez da errore bat,
beste zerbait da,
bizitza.
Muinora igo eta bakarrik
eta isilik esertzea da.
Ezer ez esatea, eta dena esatea,
eta isilik geratzea,
harriak bezala.
Harriak bezalakoa zara, maitea:
gogorra, isila, bakuna eta garratza,
baina zu ere pitzatu egiten zara.
esan, noiz abandonatuko gaituzu?
Noiz arte jarraituko duzu ahitzen?
Zenbat hats geratzen zaizu biriketan?