Edan ase arte
Mikel Peruarena

Kutxa, 2006

 

 

IGANDEA ZIUTATEAN

 

                                      Lantzean behin

                                      oso lantzean behin

                                      ez ditugu, hiriaren hagin

                                      zorrotzak ikusten.

                                                        Xabier Montoia

 

Inoiz erosiko ez dituen oinetakoei begira

egon da neska gaztea erakusleihoaren aurrean,

kalegarbitzaileak berbetan aritu dira

alkitranarekin birikak beltzez rnargotuz,

 

mekanikariak ere joan dira beharrera

hazpegi ilunekin, esku ilunekin, gogo ilunekin,

gaur igandea dela oharkabetuta eta gauaren

katakunbetatik etorritakoak ere joan dira etxera,

 

ahal izan duten bezala, bizirik irauteaz pozik,

etxekoandreak leihoetatik hauts fitsak

eta negar malkoak astintzen aritu dira,

ezinduak arrastaka jausi dira eskaileretan behera,

 

bilera garrantzitsuenera zihoan gorbataduna

haxixa liatzen ari zen gazteari begira gelditu da,

ispilu lanbrotu baten aurrean balego lez,

eta haxixa liatzen ari zen gaztea gaur gauean

 

non lo egingo duen asmatu ezinik egon da, lanbrotuta,

haizeak afixak, hostoak, zigarrokinak eroan ditu,

eta bezperako egunkarien ekonomia orriak ekarri ditu,

eta airean maitalearen telefono zenbakia zebilen

galduta,

 

prostitutak garbitu egin dira neoizko argiak itzaliz,

autoetako ateen seguruei begira doaz lapurrak,

eta lurrean alkohol arrastoak, metadona arrastoak,

galdutako ametsen arrastoak eta pixusaina,

 

jendea kartolak ipinita, oinez doa helbide jakinekin,

besotik emakumeak edo umeak zintzilik dituela,

semaforoak berdean jarriko diren itxaropenarekin, zain,

ahazteko iragan bat eta egunkaria besapean tolestuta,

 

apaizak, poliziak, dendariak eta alkateak musean

jokatu dute hileko soldata eta hamaiketakoa,

neskaren batek abortatu egin behar izan du bart,

lo hartu du gau osoa telebistari begira egon den

atsoak,

 

klase ertaineko jende zintzoa landara abiatu da bake bila,

auto ilaretan zain daude klaxonak goratuz, artega,

chernobyldutako usoak tuboeskapeekin akabatuz,

homosexualak zoriontsu dira inork begiratzen ez dielako,

 

ikasleak zerbait izateko zain daude leihoetan pipatzen,

androideek arkume elektrikoekin amets egingo dute gauean,

tirantezko galtza laranjak almazenean daude stockean,

erdi-prezioan erosiko dituzte bihar hippie berriek,

 

etc.

 

Hor Mombayt, 1984ko maiatzaren 21 ean

 

Edan ase arte
Mikel Peruarena

Kutxa, 2006