ESKUEKIN URARI EUSTEN
Azken zigarroa, esaten du,
eta pizten du azkenaurrekoa
egunsentian, etxerako bidean.
Karameluzko ke batek uztartzen,
josten ditu bien atal hautsiak.
Surtan urtzen dira maindireak
haien etorrera usnatzen dutelarik.
Izarrek begiak ixten dituzte eta,
giharrak tenkatuz, lurrera isurtzen dira.
Gaua itzaltzen ari da nonbait,
eskuren batek izarrak bilduko ditu
egunsentian, etxerako bidean.