EURIA BEZAIN ISILIK
Liluragarria da euri tanten koordinazioa
lurra bizitzaz ernal dadin jausten direnean
urtaroaren araberako kadentzia jakinaz,
orain bortitz eta bizkor eta etenik gabe,
orain motel eta arin eta xehe-xehe.
Hasarrerik gabe, barkamenik eskatu gabe,
ezer apurtu gabe jausten dira lurrera,
isilik eta egin behar dutena eginez,
egiten dutenari buruzko kezkarik gabe,
egiten dutenarekin itxaropenik sortu gabe.
Zoriontsu ikusten ditut euri tantak,
egin behar dutena egiten dute, ez beste ezer.