HAURRAK EDERRAK ZERATE 1
Zeri egiten diote barre haurrek?
Agian zuri, zimelduriko haurra,
eskuak nola arraildu zaizkizun
konturatzen baitira haurrak,
eta haurren eskuak leunak dira.
Baina zeri egiten diote barre?
Oreka gordetzen duzula iduri
eta erortzen zarelako edonoiz,
min hartzen duzulako, agian,
eta irrigarria da bestearen mina.
Oraindik ez dakite zer den mina,
eta horregatik ezin dute jakin
zer den poza ere. Eta orduan,
zeri egiten diote barre haurrek?
Barre egiten dute barre egiteagatik,
barrea orain eta hemen delako
eta zu atzo izan zinen haurra,
daborduko ahaztu zaizun arren.
Horregatik da hain ikaragarria
haurren barrea, barre beldurgarria,
burezur okrearen irriaren aurrerapena.