PROMESAK, BORONDATEA, HITZ EGOKIAK
Behin eta berriro egiten du, promesa
bere bizitza zuzenduko duela
Konstandinos Kavafis
Gaur borondatea datorkio
guztia bukatzeko, guztia hasteko,
zuhaiztiak zuztarretik kimatzeko
(hostoak mutu adaxken masailetan).
Gaur borondatea datorkio
etxera itzultzeko bideari ekiteko,
belardiei su eman eta ihes egiteko
(arto sailak gor soroaren belarrietan).
Gaur borondatea datorkio
ate guztiak itxi eta beste bat izateko,
itsasoa edan eta eztarria urratzeko
(kresala negarretan itsasoaren begietatik).
Bihar badoakio borondatea.