|
Edan ase arte
EURIA ATERTZEA BEZAIN OHARKABEAN
Negua iristen da bat-batean
hankekin orbela zapalduz,
salda katiluak partekatzen
ditugu teilatupe samurretan,
arrimatu egiten gara magal
beroa adierazten duen kera,
hitzen bat xuxurlatzen dugu
hotza bera artesitzeko beldurrez,
zalantzak galderak kezkak
ematen dizkiogu elkarri
(iltzeak azken finean, iltze
zorrotzak, iltze betikoak,
zalantza, galdera, kezka gehiago
apuntalatzeko erabiltzen ditugun
iltze zorrotz eta betikoak),
egurrezko hesolak jasotzen ditugu
babesteko,ezezagunetik babesteko,
datorkeenarengandik babesteko,
eta itxitura horietan sartzen gara
lepotik lotutako gure desioekin,
elurra jaten eta balaka ari diren
gure desioei artilea ebakiko dien
norbait bilatzen dugu telefono
agendaren orrietan, baina
jendearen kontrako gerra hasi zenetik
etenda daude telefono kableak,
oinez hasten gara, harat-honat
ibiltzen gara zirkunferentziak
marraztuz ilargitik beha dauden
astronauta desterratuen begientzat,
jendearekin topo egiten dugu,
agurtzen ditugu, oharkabean uzten
ditugu, musu ematen diegu,
gorrotatu eta inoratu egiten
ditugu agian eta ibilian goaz
zer moduz zabiltza? galdetuz
gero belar printza berrien usainak
iristen zaizkigu sudur zuloetara
eta neguan hildakoen zenbaketa
bukatu eta parteak idazten ditugu.
Jaioko zaizkigu azazkal berriak
eroritakoen ordez, baina gu ere
hil arte biziko gara, ez gehiago,
eta zalantzak, galderak, kezkak
apuntalatzeko erabilitako iltzeak
lur azpian ugertuko dira gurekin
eta gure memoriarekin batera.
Urtaroak doazen bezala joango gara,
bata bestearen atzetik, oharkabean.
Edan ase arte |