AMETSAK ZIUTATEAN
Goizeko orduotan Pasaiak ere
erromantiko irudi dezake,
kobrezko eguzkiak garabien
burdina dirdiratzen duelarik,
txatarra mendiak Jaizkibel baino
edertasun zakarragoarekin
jaikitzen direlarik nasako ohetik.
Goizeko orduotan ziutateak ere
ederrak dira, kalean ez dagoelako
ez autorik, ez jenderik, ez zakurrik,
eta despistatu eta pentsa genezake
Utopiara iritsi garela azkenean,
inurritegi karratuak jendea
okatzen hasten diren arte.