Edan ase arte
Mikel Peruarena

Kutxa, 2006

 

 

ALDAERAK 1

 

Gezurrak esaten ditudalako idazten dut,

egiak esango banitu ez nuke idatziko,

hitz egingo nuke.

 

Animalia mindua naizelako idazten dut,

ez banu inoiz minik sentitu ez nuke idatziko,

bizi egingo nintzateke.

 

Baina gauzak ulertzen ez ditudalako idazten dut,

gauzak ulertuko banitu ez bainuke idatziko,

ikastaroak emango nituzke.

 

Eta gezurrak esaten ditut

animalia mindua naizelako

eta ez ditudalako gauzak ulertzen,

 

eta animalia mindua naiz

ez ditudalako gauzak ulertzen

eta gezurrak esaten ditudalako,

 

eta ez ditut gauzak ulertzen

gezurrak esaten ditudalako

eta animalia mindua naizelako,

 

eta idatzi egiten dut, horregatik guztiagatik.

 

Edan ase arte
Mikel Peruarena

Kutxa, 2006