www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsuak
Manex Etxamendi
1895-1954, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

ITSASOAZ BESTALDEAN
DIREN ESKUALDUNERI
ESKERREN BIHURTZEKO

 

                Airea: Andereño bat ikusi nuen...

 

Berriketari xarmegarri bat

horra nun zaukun etorri.

Buenos-Aires Benezuelatik

hunat daukute igorri.

Holako baten eskuratzea

anitz da estimagarri.

Berriketari maitea, zuri

bihotzez ongi-etorri!

 

Amerikatik bidali dute

Ernandorena Jaunari;

Ernandorena Jaunak leialki

hel-arazi dauku guri.

Erran zahar bat bada eskuaraz:

«Oilo gosea kantari!».

Ni ere Jaun hek goretsi nahiz

lotzen naiz neure lanari.

 

Zer berri onak izan ditugun

erran behar dut orori.

Hango anaiak fidel daudel

eskualdunen banderari.

Ikas-etxeak edo eskolak

omen dituzte zer nahi,

Gure eskuara erakasteko

nahi duten guzieri.

 

Haritz ondoen ezkurretarik

beti sortzen da landare.

Eskualdunaren arraza, nasai,

hedatzen zauku han ere.

Hola segituz ez nindaiteke

ez ni estona batere,

Ameriketan Eskual-herriak

laster izaiten balire.

 

Anitz atsegin egingarri da

orai jakiten duguna:

Aiten oidurak fermu atxikiz

bizi dela eskualduna.

Gure mintzaiaz elekatzeko

hemen ahalgez dagona

Eskuara ongi estimatzeko

joan bedi hoikien gana.

 

Hango berrien guri heltzeko

igorri dute Argia.

Gainetik eta behereraino

dena eskuara garbia...

Amerikatik Argia eta

Eskual-herritik Herria!

Batasunaren atxikitzeko

guretzat zer lotkarria.

 

Bai zorigaitzez jakin duzue,

gure anaia maiteak,

Zer hersturetan eman gituen

gerla horren izaiteak.

Gose direnak ez tu asetzen

gerlaren egitateak:

Jende guzien urostasuna

eiten du karitateak.

 

Berriez eta karitateaz

ere zirezte orroitzen.

Zinez eskualdun eta bihotz-dun

gure alderat agertzen.

Hemen sofritzen duten jendeak

dituzie sokorritzen,

Gure eskerrak bihotz guziaz

daukitziegu bihurtzen.

 

Beste anaia batzu baitugu

urrun arrotz-herrietan:

Afrikan, Xinan, Ameriketan,

erresuma guzietan.

Sor lekuaren amodioa

badaukate bihotzetan.

Karitatea egiten dute

heiek ere arimetan.

 

Misionest heiek ez ditut uzten

aipatzea ez balioz.

Salbaietako heien obra da

oroz gainetik balios.

Beren bizia hartua dute

anixko sofrikarioz.

Oro ixilik jasaiten tuzte

Jainkoaren amodioz.

 

Jenden artean gertatzen diren

makur eta desmasiak,

Egiten ditu amodio ta

errespetu eskasiak.

Gauden bihotzez gu Eskualdunak

beti elgarri josiak,

Bake gozo bat eman dezaukun

Zeruko gure Nausiak.

 

1949

 

aurrekoa hurrengoa