www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsuak
Manex Etxamendi
1895-1954, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

EZKONTZA

 

                Airea: Andereño bat ikusi nuen.

 

Gizon aberats baten semeak

Aitari zion galdegin.

«Hogoi eta lau urte baditu

Bizi naizela zurekin.

Bada oneski solas egin dut

Dama gazteño batekin.

Dote on batez ni laguntzeaz

Zindukea zuk atsegin?».

 

Aita on harek erraiten dio:

«To bi miliun urretan

Eta bestalde izanen dituk

Hiru miliun lurretan.

Bainan gauza bat erranen deiat,

Adizak hire onetan:

Dirua gatik, gizonak gizon

Izan behar dik obretan!».

 

Ontasunetan igeri baitzen

Etxeko seme bakarra,

Espos-laguntzat hautatu zuen

Nexka gazte bat beharra.

Bainan ondikotz ahatzi zuten

Aitaren erran zuhurra.

Laster histu zen hekien zorte

Aberats eta ederra.

 

Urte bat gabe erraiten dio

Alabak bere amari:

«Zertako bada behatu naiz ni

Aberatsaren famari?

Urusa nahiz esposatu niz

dirudun handi jaunari.

Geroztik nigarra dut edari

Et'urrikia janari!».

 

Amak: «Zer uste dun dela, haurra,

Ezkontza hortan sartzea?

Ala kaderan jarri eta han

Kantuz kitarra jotzea?

Ez dakina hik arrosak ere

Baduela arrantzea?

Estatu guzietan gizonak

Badin bere kurutzea!».

 

Biak penetan gertatu ziren

Jaun-andre espos gazteak:

Negu beltzaren iduriko han

Egunak eta asteak.

Dirudun bainan gustu kiretsa

Bizitzearen hasteak.

Diruak baino gehiago du

Beti balio bakeak.

 

Lur huntan gizonaren bizia

Nola den ezpaitzakiten,

Gauza ttipiak maiz min handia

Zioten aise egiten.

Atsegin ala atsegabeak

Esker-gabeki jasaiten,

Horrek zituen dohakabeak

Zorigaitzean emaiten.

 

Beren aitaren kontseilu onez

Noizbait ziren hor orroitu:

Pena guziak behar direla

Eztitasunekin hartu.

Gogota onak zinez eginik

Jinkoa zuten otoiztu.

Harek zituen zorigaitzetik

Bide onerat bihurtu.

 

Geroztik beren eginbidetan

Zerbait xedetan baziren,

Elgar maitatuz eta lagunduz

Gauza orotan bat ziren.

Ezkondu eta etzuten uste

Luzaz zirela biziren...

Espos maiteak, aingeru eder,

Ehun urtetan hil ziren.

 

Espos horiek etsenplu on bat

Guri emaiten dute hor:

Penarik gabe gertatzen denik

Lur huntan ez baita nehor,

Bat bestiaren huts guzietan

Izan gaiten bai jasankor,

Ongi eginen saristatzeko,

Jinkoa ez da ahazkor.

 

1924

 

aurrekoa hurrengoa