URRUNDIK URTE ON
Airea: Zeruko izarren bidea.
Urte zaharra itzali da
elur-pean,
Berria sortu eta jauntzi
soin berean:
Nun da bada diferentzia
Hen artean?
Urte zaharrak egina du
bere turra:
Ongaitzekin jautsia da
hil-herrira.
Haren esperantza guziak
galdu dira.
Urte berriak on eta gaitz
hartzekoak;
Ederrak asma detzazkegu
gerokoak...
Horrat lerrakor bai bihotzak
bai gogoak.
Halere berdin falta daite
zoriona
Eta etor uste-gabeko
dolumina.
Beharrik etzauku nausitzen
etsipena.
Funtserat-eta agur diot
urteari,
Gomendatzen diotalarik
Jainkoari;
Harek du bakarrik eginen
xoragarri.
Ene maiteak, aurtengotzat
zuendako
Erranen ditut bizpahiru
hamarreko.
Egizue bertze hainbertze
enetako.
Arno onetik baso bana
dugun edan
Elgarren osagarriari
lorietan,
Esperantza lora dakigun
bihotzetan.
Agian urte hunek gaitu
hurbilduko,
Trinka
ahal dezagun orok
eguerriko
Eta kantuz elgar besarka
urtatseko.
1908
|