 |
KAZETA ESKUALDUNAREN FAGORE
Airea: Oilarra kukuruka.
Oi zu Baxenabarre,
eta zu Lapurdi,
Gisa da dezazuen,
hots, egin biderdi.
Eskualdun hau zinuten
utzia aspaldi.
Noizbait bihotzeraino
zin-zinez hel bedi.
Zonbat gizon argitu
gorderik daudenak,
Ez ditu lilluratzen
hanbat aipamenak.
Irakurtzen bagintu
heiek dazkitenak,
Harrapaka gintio
irets zalu denak.
Abiatzen balire
behin urrats hortan,
Aise lerra litazke;
nola geldi bultan?
Hastapen bat behar da
gauza guzietan,
Ondotik nahi bada
zerbait onik izan.
Zonbat ongi lioten
egin bazterretan,
Iñorantak argituz
ez dakitenetan!
Entseatzen bagare
lagunen onetan,
Sari ederra dugu
guretzat gain hartan.
Emozu gizonari
egia hazkurri.
Horren eskasean da
gos'eta egarri.
Jainkoa Jaunak nahi du
lot gaiten lanari,
Bere ordain baikitu
hortakotz ezarri.
Jende xehea guziz
griñaturik dago,
Zer izanen ote den
araberan gero!
Zerbait laguntza nahiz,
ez da asko aho,
Beldurkundeak badu
bazterretan haro!
Lehen etzenik orai
baitugu ikusten,
Zerbait gehiagorik
daukute galdatzen.
Beha zazu etsaia
zer hats gaixtoan den.
Azkarki oldarturik
gaitu mehatxatzen.
Eraiten duzunean
hazi baliosa,
Uzta bat heldu zautzu
hanitz aberatsa.
Etsaia jinik ere,
ez zaitela lotsa.
Jainkoa alde duzu:
berma zaite ontsa!
Satan beltza marrumaz
zokoka dabila,
oihan eta errekak
ikaran daudela.
Ezin bertzez galtzen du
arima fidela,
Zuk baitiozu kendu
hortako ahala.
1920
|
 |