www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsuak
Manex Etxamendi
1895-1954, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

BAKEAZ

 

                Airea: Lo, lo, ene maitea.

 

Adan bai eta Eba,

lehen burrasoak

Uros egin zituen

lur huntan Jainkoak;

Begiratu baluzte

Lege zerukoak,

Uros gintezken ere

heien ondokoak.

 

Leku dohatsua zen

mundu hau, hastean,

Adamen bekatuaz

kotsatu artean;

Orduan jarri ginen

zori-gaitz batean.

Nor izan da geroztik

osoki bakean?

 

Mundu hau bi partetan

jarri da ordutik:

Ona alde batetik,

gaixtoa bestetik.

Gizaldeak doatzi

bat besten ondotik,

Bainan guduka beti

bizi da nunbaitik.

 

Gure zortea bada

gudukan artzeko,

Gure eginbidetan

ez da lotsatzeko.

Zorigaitza bagindu

errebelatzeko,

Jakintsuak badira

gure gidatzeko!

 

Oi, zer inozentziak

gizonen bizian!

Jeloskorrek ardura

hau dute mihian:

«Jende nekazailea

da maiz miserian,

Aberatsa uros da

beti aiserian».

 

Bizia ahal baliz

sosarekin eros,

Orduan diruduna

zein litaken uros!

Bainan orok hiltzea

zor dugunaz geroz,

Ez dugu zeren izan

batzu beste jelos.

 

Diote ari dela

jendea abiltzen:

Zer nahi lan egiten,

airean ibiltzen...

Jakitate horiek

nuntik ditu biltzen?

Eta dohain guziez

nola baliatzen?

 

Lan askoren eiteko

bada abantaila,

Aisago bizi dea

jendeki apala?

Zori-gaitzez nunbaitik

pizten bada gerla,

Gizona suntsitzen da

errautsa bezala.

 

Asko jenderen baitan

bada zuhurtzia,

Beste anitzen baitan

zonbat malezia!

Gaixtoa onarentzat

zoin den bekaiztia

Jakiteko, aski da

ongi behatzea.

 

Jenden artean bada

anitz arrangura:

Jelosia, aharra,

ta gerlak ardura;

Herri-erresumetan

zonbat nahastura!

Ez da aise xuxentzen

gizonen aztura!

 

Onaren agintza da

beti amodioz.

Gaixtoa mendekatzen

Satanen medioz.

Zuzena lehertua

anitz suplizioz.

Oro jakinen dira

azken judizioz.

 

Deus kontsolamendurik

lur hutan badea?

Bai, gaitzen sendagailu

badugu fedea.

Gure nausitzat hartuz

Kristo Erregea

Harekin badukegu

betiko bakea.

 

1932

 

aurrekoa hurrengoa