 |
NEVADAKO ARTZAINARI (III)
Airea: Lili bat ikusi dut baratze batean.
Nevadako artzaina,
zure lagunekin,
Zuekin mintzatzeaz
anitz dut atsegin.
«Carson»-eko menditan
zer duzuen egin,
Esplikatzera noa
bozkariorekin.
Zure azken pertsutan
dautazu aipatu:
«Guk egin ihiziaz
ez egin espantu...».
Holakorik ez baita
oraino gertatu,
Gauza hori nahi dut
pertsutan agertu.
Hartzak malur eginik
zure ardi tropan,
Ederki enganatu
duzu zure «tranpan».
Han zagolarik kexu,
jarri zaizko miran
Eta zonbait pirola
sartu haren tripan.
Hiru hartz sartu dira
beste artaldera,
Han eginen zutela
gustuko fera.
Kaiet'ek, ttutta-beltxa
harturik eskura,
Hartz-ama botatu du
lau zangoez gora.
Hartz-ume heiek aldiz,
ama hilez geroz,
Arbola batetarat
igan dire airos.
Amaren doluz hantik
ari ziren orroz;
Kaiet'ek bota ditu
biak bira tiroz.
Artzain batek hiru hartz
oren batez hilik,
Hori aipatu gabe
nor egon ixilik?
Mañex berearekin
han baitzen bipilik,
Lau hartz ezarri tuzte
metara bildurik.
Orai arrantxo hortan
badute pausia,
Artzainak, Bortiarrak,
bai-eta nausia.
Batita, izan zazu
hotan fidantzia:
Ongi zainduko dute
artalde guzia.
Orotan hedatu da
nik uste Depexa:
Ihizin ein dutela
gaitzeko helexa.
Artzain maiteak, hori
ez da lan errexa.
Nik laudaturik ere
etzaiztela kexa.
Elgarren estimua
atxiki dezagun.
Bake-amodioan
dautzuet nik egun.
Bai, izan gaiten beti
eskualdun-fededun,
Zeruan ere elgar
ikusi dezagun!
1949
|
 |