www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsuak
Manex Etxamendi
1895-1954, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

XAHAR BATEN AUHEN SAMINAK

 

                Airea: Eman dautazun buketa zertaz egina zinuen.

 

Jainko Jauna, zonbat aldiz

etzaut ilundu bihotza!

Ilundu eta zauritu

ikusirik zorigaitza.

 

Aitaso bat ikusi dut

ahultzen eta xahartzen,

Hil mihisea bezala

egunez egun xuritzen.

 

Gaixoa han aditu dut

supazter xoko batean

Bakarrik oihu-nigarrez:

ixildu zen ni jitean.

 

Erraiten zuen: «Ondikoz,

oi ene ardi xuriak,

Zikiro eder bai eta

ene gaixo axuriak!

 

»Oro beharko zituztet

utzi nausi berri bati,

Ezpainiz igan ahalko

mendi hoitarat engoiti.

 

»Eztitut ja iraganen

berro ziloak jauzian,

makila firurikatuz

lehen bezala lorian.

 

»Iratzez ez tut eginen

maldetan gau-etxolarik

Ez eta erabiliko

xilintxa ez xirularik.

 

»Nihaurek deitzi esneaz

ez dut kaikurik beteko,

Nihaurek egin gasnarik

gaurgero ez dut salduko.

 

»Erriak gogortu zauzkit,

laneko ez ditut kara,

Zangoak ere doazkit

ihintzean lerra-lerra.

 

»Oihanburuko kaskora

doi-doia heldu bainintzen,

Bi urte hauntan, gaixo ni,

bide horrek nu lehertzen.

 

»Gero eta nekezago

dakarzkit eskalapoinak,

Halaber uritakoa,

jatekoa eta denak.

 

»Maiz hats-bahitua nago

patarra ezin iganez.

Oraino pindar goxo bat

gogoan banu, bainan ez.

 

»Hirian, urrun, galdurik

dabilan ene haur hura

Bil uste ukan dut luzaz

neure ordaintzat etxera.

 

»Bai herrestan nindabilan,

bainan bihotza gorarik,

Battitta ni bainoago

nukeiela amesturik.

 

»Amesturik eskualdeko

etxetarik hazkarrena

Zitakela malda huntan,

hainitzez ere, harena.

 

»Haren artalde gizena

baino aberatsagorik

Nehork etzukela nihoiz

bazter hautan ikusirik...

 

»Anartean errientak

ene Battitta ebatsi,

Buru-bihotzak hitz hutsez

betikotz arrunt nahasi!

 

»Egia zuten zaharrek:

eskolarat igortea

Da langile tzar, seme tzar,

eskualdun tzar egitea!

 

»Nahi duenari ontsa

ogia erein eta jo,

Aski zaio jakitea

kondatzen hiru-lauraino!».

 

Bainan barka dakioke

bihotz-minez erreari

Hautemaiten duenean

etxea erortzen ari...

 

1925

 

aurrekoa hurrengoa