NEVADAKO ARTZAINARI (I)
Airea: Andereño bat ikusi nuen.
Amerikako mendi ainetik
artzain bat dugu aditu.
Bere atsegin bai eta penak
kantuz dauzku esplikatu.
Gazte maitea, zure solasez
batere ez naiz harritu.
Gazte denboran, toki berean,
ni ere bainaiz kurritu.
Zure kantuen oiharzunak du
inarrosi Iramendi.
Umore ona eta kuraia
badauzkatzu beti handi.
Zure pertsuak ikasi tuzte
orai denek hemen gaindi.
Jainko onaren grazia beti
zure lagun izan bedi.
Amerikako desertu beltzek
etzaituzte zu lotsatzen.
Ardien zaintzen, pertsu moldatzen,
duzu denbora pasatzen.
Zure sor-leku maiteaz zira
naski rdura orroitzen.
Orduan aise hasperen zonbait
bihotzean zaitzu sortzen.
Denbora ona eta elurra
ere gertatzen denean,
Zure kozina egiten duzu
gusturik hoberenean.
Egunaz kurri ibili eta
gero gaua jin denean,
Zure ohia prest-presta duzu
berdin lurraren gainean.
Zure ganbara ez du argitzen
ez eletrika-argiak.
Supazter xokoño hura ez du
ikusten zure begiak.
Zeru gainetik mundu zabala
argitzen du ilargiak:
Haren medioz egiten tutzu
gauaz zure itzuliak.
Guri irri bat ein-arazteko
hau ere duzu aipatzen:
Koziner finak beribiletan
ikusten tzula pasatzen.
Artzain gaizoen modura heiek
ez dira aise bihurtzen.
Baratzetako lanari ere
sudurra dute zimurtzen.
Moltsa luea beteko duzu
laster ene iduriko.
Orduan hunat, Eskual-herrirat,
etzireia itzuliko?
Norbaitez hemen agradaturik
lagun bat duzu hartuko.
Nik kontseilu bat zuri emanik,
etzaizu ez gaitzituko.
Izana gatik horgo andreak
eder eta pinpirina,
Nik aditzea badaukat beti,
hobe dela eskualduna.
Nahi baduzu izan dezazun
lur huntako zoriona,
Hauta zazu bai nexka prestu bat
eta girixtino ona.
1949
|