www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsuak
Manex Etxamendi
1895-1954, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

BI GERLA HANDIREN ONDOAN

 

                Airea. Andre Madalen.

 

Nola guk erran egun, Frantzia,

Gu hire haurren alegrantzia!

Ama ginian hitan eria

Etsaiek hiltzat utzia:

Hek xurgaturik odol guzia

Apal hindagon, ez eroria:

Goratu baihaiz egun, herria,

Biba, bai, biba Frantzia.

 

Urteak ditu, gau ilun batez

Lo zagolarik ber'ohantzean,

Arrano bati lotu zirela

Berrehun bele batean:

Bentzutu zuten, ezin aurtiki

Hainbertze etsai beltzen artean,

Hegal bat ere kendurik utzi.

Bardin zabilan airean.

 

Eta ikusiz arrano hura

Etzuela hil heien kolpeak,

Bainan goratuz zohala beti

Ikaran zauden beleak.

Erranez: «Segur arrano horrek

Izanen ditik egun hobeak;

Etorriko duk bertzen orena,

Ezen baditik umeak!».

 

Frantses herria laster halere

Goratu zauku lehen bezala:

Umek amari ekarri dute

Belek ebatsi hegala;

Lau urte hotan Frantses guziak

Bermatzen ginen egin-ahal;

Jainkoa lagun, hor ezartzeko

Gure etsai tzar hori hila!

 

Nor ote dira gure artean

Merezimenduz aberatsenak?

Hek dira gerlan soldado gazte

Lorioski hil direnak.

Bizi gireno iraunen du ba

Maite horien orroitzapenak,

Zeruan berriz ikusi arte

Distirant heien arimak.

 

Ohore berdin gure herritar

Soldado bizi diren orori;

Bipil, bihurri agertuz dute

Etsaia iges igorri.

Hainitzek dute beren gorputza

Zauri odolez dena estali;

Nahiz herria orai den bezain

Gora-lorios ezarri.

 

Jaun zerukoa kartsuki deituz

Irabazi du Fox marexelak,

Horrekin Petain eta Castelnau

Zer gizon fedez azkarrak!

Lagundu ditu indarren biltzen

Clemenceau gure tigre zaharrak,

Esku onetan ditu bai segur

Frantziak bere banderak.

 

Uros, Amaren altzoan daude

Frantziaren haur maite guziak

Denak besarka amodioan

Elgarri tinki lotiak;

Menderen mende iraun dezala

Gure batasun miragarriak.

Jainkoarentzat, Herriarentzat,

Higatuz gure biziak.

 

1919-ko urtarrilean

 

aurrekoa hurrengoa