www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsuak
Manex Etxamendi
1895-1954, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

SEGERETURIK EZ SALA

 

                Airea: Nun utzi dun astoa, Mari Kalamardin.

 

Behaut segeretuaz

egin parabola:

Sujeta eman dautet

argi dezadala.

Gaia ezta errexa,

ni guti abila.

Bainan esplika gaiten

kantuz berehala.

 

Nahiz lamiez dutan

aditu ederrik,

Hetan eztut alafe

sineste mikorik.

Batto hemen halere

aipatuko dut nik,

Ametsez izan dadin

gaia arindurik.

 

Neska bat Artxilondon

ardi-zain dabila

Bi arroken artetik

behatzen duela:

Lamia ikusten du

bilo luzekila

Orraze urre batez

orraztatzen dela.

 

Begi argi distira

ukanez artzaintsak,

Lamia, oharturik,

harritzen du lotsak.

Orrazea erori,

luzatuz urratsak

Ihes doa, zintzurra

tinkaturik hatsak.

 

Neskak fite biltzen du

orraze urrea.

miraila iduri du,

hain legun ez dea?

Hartan ikusten baitu

oi zer anderea,

Ezin sinets buru hoi

duela berea.

 

«Hauxe da gauza pollit,

joietan lehena!

Zorteak eskutarat

oixtion emana!

Ez nuke nahi saldu

hain mirail karana,

Nun ez lakidan ofri

hartan truk Fortuna».

 

Gaua pasatu nahiz

haren konpainian,

Artzaintsak ezarri du

buhurdi-azpian.

«Oi orraze saindua,

zer duzu barnian,

Amets goxo ederrez

ontzen nuzunean».

 

Goizean goiz lamia

ateari joka:

«Nor da hor?» dio neskak

ohetik oihuka.

—«Andrea, Jaungoikoak

zaitzan benedika,

orrazea tratuan

dezagula truka!

 

»Itzul niri, eta nik

atzoko harpean,

Orrazea kausitu

zinuen gunean,

Urre iturburu bat

emanen dut alan,

Nahi duzuna zure,

nahi duzunean...

 

»Bainan kondizione bat

dautazu beteko.

Otoi segeretua

beira zuretako.

Nehori bazineza

sala, hanbat gaixto!

Iturria gal laite

kolpez sekulako!».

 

Neskak itzuli zuen

orraze urrea.

Ordainez iturriak

emaiten berea,

Begi gorriz neskari

kargatuz zarea.

Hunek etzion aipu

nehori arpea.

 

Artzaintsak laguneri

diruak partituz,

Adixkideak zaizkon

heldu emendatuz,

Bainan, hartuak hartu,

gainera galdatuz

Nola biltzen zituen

ala... arrobatuz.

 

Neskak segeretua,

bakearen gatik,

Amari erran zion

doian ahapetik.

Ondikoz, iturria

ordutik beretik

Gelditu zen betikotz

urre emaitetik.

 

Lamiaren kondaira

hortan dut finitu;

Bere erakaspenak

hark ere baditu.

Munduan bada segur

hainitz segeretu,

Gehienek baitute

hartze errespetu.

 

Segeretu handi hoik

urrezkoak dira,

Bakotxa berma bedi

heien beiratzera.

Norbaiten saltzea da

heien salatzea

Eta bere burua

desohoratzea.

 

Ez da harritu behar,

errana baitute

Elea zilar dela,

ixiltzea urre.

Ai orok mihi hori

bridatzen balute,

Ez laiteke hainbertze

pena ez hasarre!

 

aurrekoa hurrengoa