 |
AMA BIRJINARI
Airea: Uhalde baten pare.
Nahiz ni enizan gai
zutaz mintzatzeko,
Ama, badut xedea
zure aipatzeko,
Birjina garbiena,
zu ohoratzeko
Eta egun goraki
zure otoizteko.
Elizan duzu guziz
zuk maite otoitza,
bainan desertu huntan
da ene egoitza.
Umilki nahi dautzut
altxatu bihotza.
Otoi adiezazu,
Ama, ene botza.
Itsasoak koleran,
tirainak bortitzik,
Suntsitu nahi ditu
guziak untzitik.
Gizonaren indarrek
ezin egin deusik,
Jinko eternalaren
botereak baizik.
Orduan mariñelek
beren lanjeretan
Porturik segurena
dute zure baitan.
Jinkoak, zu adituz
zure otoitzetan,
Emaiten tu tirainak
beren zedarrietan.
Badira abokatak
tribunaletako.
Zu abokat saindua
zeru-lurrendako:
Merezi gaztigutik
ene libratzeko,
Nik ere hartzen zitut,
Ama, ararteko.
Aberats ala pobre,
gizonen arraza,
Jainkoaz juiatzera
oro bagoatza.
Herstura hartan nork daut
eginen laguntza?
Zu zira, zu, Maria,
ene esperantza.
Egidazu oraitik
ene heriora
Jaunaren otoitzetik
ez nadien bara:
En'azken orenean
jin zaizkit aldera,
Zure bihotz amultsuz
ene laguntzera.
1925
|
 |