 |
SOLDADO LAGUNERI
Mila zortzi ehun eta lau hogoi
eta hemeretzigarrena,
Frantziari zerbitzuaren
errendatzen garena;
penan direnen kontsolatzeko
orai izan dut ordena,
nahiz ez den ene gradua
ofizioan gorena.
Zorteak deitu izan gaitu
beraz, adixkide onak,
erresumaren zerbitzuko
oro elgarren lagunak;
eta laster anaiak gare
oi guziz eskualdunak,
aberats ala pobre izanik
elgarrez estimu onak.
Xuberotik, Lapurditik,
eta Baxenabarretik,
etorri izan gira hunat
urrun Eskual-herritik,
zer ikusi behar ote dugun
asko gogoeta eginik,
bizitze berri bat hasten baitugu
hemen kausituz geroztik.
Eskual-herrian libertatian
eder zen gure loria,
nun aurkitzen ahal ote da
zorion bat hobia?
Hemen aldiz giltzen azpira
maiz kunplimendu garbia,
gure esklabotasunaz dute
guti miserikordia.
Eskual-herrian bezala hemen
ez dugu kausituko
karta-yokoak eta pilotak,
oneski libertitzeko;
bainan bada beste yokorik
guri xangrin emaiteko,
Jainko Yauna dut otoizten beti
pazientzia hartzeko.
Utzi behar izan ditugu
gure sor-leku maiteak,
burrasoak, haurrideak,
eta adixkideak;
zer bihotz-mina eman daikun
orduko gure zorteak,
gure lagun maite heieri
adio erraiteak.
Geroztik hemen izaiten dugu
bada zerbait nahigabe,
nik erran gabe badakizue
orok dudarik gabe;
larderiarik handienean
libertateaz ez yabe,
pena horren medioz gare
beraz hemen dohakabe.
Horrengatik ez dugu behar
lege hori kasatu,
zeren bakotxak bere aldian
behar baitu pasatu;
eta Frantzia maitea
guk behar begiratu,
bakotxak gure egin-ahalaz
behar dugu sostengatu.
Beraz sobera gogoeta
ez dezagun, ez, egin,
penak jasan behar baitira
pazientziarekin;
libertatea etorriko da
bai segur denborarekin,
Eskual-herrian gozatzeko
gure lagun maitekin.
Arte huntako penak ditugu
ixilik sofrituko,
libertateko egun ederra
guri etorri artino;
gero guziek elgarrekin
erranen dugu oraino:
Biba, biba, zu, libertatia,
gau et'egunak diraino!
|
 |