 |
EMAZTER BESTA ON
Airea: Mendian zoinen eder.
Besta on, aboztuko
Birjina Maria!
Zure geriza-pean,
gu denen loria!
Bainan besta emaztek
daukate berea,
Zu baitan ezagutuz
bere ohorea.
Emaztea kreatuz
Jainkoak egin du
Munduarentzat obra
eder eta saindu.
Lehen Ebak hastean
bagintuen galdu,
Bigarrenak grazia
nasaiki ordaindu.
Kanta dezagun beraz
emazte fagore!
Guziak Mariaren
ahizpak dirare;
Gure familietan
bizi-begirale
Eta, nahi badute,
orotan andere.
Ama nork ez du maite,
nehor ez bezala,
Haren ganik izanez
hastetik odola?
Esne, musu, arimaz
iturri leiala,
Ezin ahantzia da
Amaren hegala!
Esposarentzat aldiz
andrea sokorri,
Oren guzietako
lagun miresgarri!
Harek eztitzen ditu
penak senarrari,
Amodioz daudela
bat-miñot elgarri.
Baratze-taulenetan
badea lorerik
Alaba on bat baino
alegeragorik?
Bihotz ala arpegiz
hain goxo delarik,
Etxea ezartzen du
kantorez beterik.
Besta on, xahar-gazte,
emazte guzier!
Zuek gabe mundua
gal litake laster.
Zuen begi bizitan,
garbi eta eder,
Jainkoaren Argia
dadiela ager!
1911
|
 |