 |
ALARGUNTZA ERREKARDARIA
Airea: Lili bat ikusi dut baratze batean.
Ene herrian bada
alarguntsaño bat:
Nola bizi den, nehork
ez lakike hanbat.
Erne dabila eta
ixil harat-hunat:
Hazteko ere badu
haur dotzen'erdi bat.
Adin ederrean zen
andre har ezkondu,
Mutil gazte prestu bat
bere senar hartu:
Bainan munduak plazer
osorik ez baitu,
Ezkondu eta laster,
zitzaion eritu.
Nahiz beti xinplea
zagon osasunez,
Bizi izan zen urte
andanatto batez,
Etxea ere jarri
garniturik haurrez:
Andreak hazi behar
bere esku-lanez.
Horren espos maitea
zonbait urte badu
Jainko onak diola
bere ganat hartu.
Hargatik, nihoiz ez du
kuraiea galdu.
Gero'ta gehiago
nahi du bermatu.
Goizetan goizik doa
norapeit etxetik,
Hala nola erlea
bere kofoinetik;
Bizia ateratzen,
batzutan herritik,
Bortuak iraganez,
berdin Españatik.
Astean hiru egun
lanean sartzen'tu,
Bertze hiru egunez
egiten mandatu;
Aitzurra utzi eta
egiten du tratu,
Zaldi ttipiarentzat
Krabextuak baitu.
«Goazin bideari!
Arri, pullo, arri!
Urratsa xehe eta
kuraiea larri.
Gau illunak bidean
hartzen banu sarri,
Ni gidatzeaz berme,
beharko hiz jarri».
Haren bideko griña
udan da eztitzen;
Zeren kabalez diren
mendiak beztitzen.
Han, joaren errepikak
orotan aditzen:
Heien oihartzunak du
gogoa arintzen.
Bainan ondikoz, hor da,
ai, negu dorpea!
Bidaiaren eiteko
labur da epea...
Amak, ere haurrentzat
jatekoz betea,
Gau beltzean behar du
pasatu bidea!
Astoari loturik
esku batez tinki
Bidexketan badoa,
eror eta jeiki.
Artetan, bere boza
altxatuz goraki,
arrosarioa du
erraiten kartsuki.
Haren haur xume heiek,
ilundu ondoan,
Metan emaiten dire
supazter xokoan:
Aldizkatuz bortara
nahi dirade joan,
Amaren harrabotsik
badenez kanpoan!
«Ah! bidea luze dun,
gaua ere ilun!
Amaren harrabotsik
ez entzuten nihun!
Bortuak gora ditun;
han paretak legun:
Elurretik bizirik
jalgiko ahal dun!».
Haurrikan gaztenak du
zabaltzen atea,
Bere esku ttipiaz
joz begitartea...
Berehala: «Hor da, hor,
oh, ama maitea!
Nik aditzen dut orai
pulloren joarea!».
Laster ama maitea
etxean da sartzen:
Bere haur orok dute
betan besarkatzen.
Jainkoari dituzte
eskerrak bihurtzen:
Zeren lanjerretarik
dituen beiratzen.
Amak prestatzen deie
gustuz afaria,
guzieri bihurtuz
umilki grazia.
Solasik garbienez
beterik mihia,
Beti alegeraki
johan du bizia.
Uros da, penen gatik,
kontent bizi dena;
Beti nekez bizi da
esker gabe dena.
Maiz sofrikariotan
badago gizona...
Imita dezagula
Salbatzaile ona!
1928
|
 |