 |
EZ JAKIN ZER ARI DIREN
Airea: Neguaz primadera zenean jabetu.
Ixtorio bitxi bat
heldu zaut gogora.
Ez otoi eni galda
delako kondaira
Nun noiz gertatua den,
ala den gezurra.
Kanorerik ez badu,
badauka biperra.
Herri pobre bateko
meria zitaken,
Barneko zoladura
lur hutsez baitzuten.
Hantxet sator ausart bat
ari-izana zen
Pulo zikin batzuez
salaren funditzen.
Kargatua izan zen
Simun oihan-zaina
Satorraren biltzeaz,
—ohorezko lana!—
Bizirik hartu zuen
sator hobenduna,
Kontseiluko gizonek
zezaten kondena.
Kontseilua bildurik,
hango kalapita!
Auzapezak pozoina
gaztigutzat hauta,
Axuanta oihuka
zezatela urka,
Erretzearen alde
mintzo errienta.
Bakotxak bazerasan
nahi zuen hitza:
—Kasola bat uretan
ito bagineza?
—Etsenplutzat atean
zertako ez itza?
—Lehertzen baginio
haintzurraz kabeza?
Jakes guarda xoil-xoila
ixilik baitzagon,
Lagunak azkenean
jabeldu zitzaizkon:
«Gauza trenkatu gabe
ez gaitezke egon.
Zure zentzuak, Jakes,
ea ba zer dion?».
«Hobendun batek aski
behar du sofritu.
Zuen sei gaztiguak
ezti tut kausitu.
Behar dugu satorra
garrazki punitu,
Bizirik ehorzterat
funski kondenatu!».
Abisu eder horrek,
—segitu bazuten—
Satorra hiltzetikan
salbatu zukeien.
Guarda gizagaizoak
naski etzakien
Bere xede horrekin
zertarat ari zen.
Mundu huntan ikusten
dugula holako,
Gaizkirako bezala
berdin ongirako,
Aise aitor nezake,
bizia lekuko.
Bi kasu aipatzen tut
guzien arteko.
Juduek uste zuten,
Jesu-Kristo hilez,
Suntsituko zutela
betiko ahalgez.
Bainan pizteko sanja
tonban atxemanez
Jesus zoin ontsa etzen
trufatu hekiez.
Elizaren etsaiak
fraileak kasatu
Eta munduan gaindi
herraz berduratu.
Fedeak gisa hortan
behar du hedatu,
Fedegaberi esker
orotan loratu!
1906
|
 |