www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsuak
Manex Etxamendi
1895-1954, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

SOR LEKUAREN AMODIOA

 

                Airea: Lili eder bat badut nik.

 

Gure sor leku maiteez

zonbat ez gare orroitzen!

Arrangurarikan baizen

ez dut nik hemen aditzen.

Egundainotik bakotxa

bere minak du eritzen.

Ni ere neure kasuaz

orai hasten naiz mintzatzen.

 

Ez naiz Aitoren semia,

erran behar dut egia.

Arrandaz ene hazteko

Etzuten egin legia.

Hortakotz utzi izan dut

behingotz neure herria,

Ameriketan bazela gauza

Noizbait jakinik berria.

 

Oi gaztetasun zoroa!

nun derabilan gogoa!

Orduko pentsamenduak

iduri baitu hegoa:

Iñorantzian utzi dut

damurik nik sor lekua,

Udan herritik jin eta

hemen kausitu Negua.

 

Adio herria eta

adio egun ederrak;

Adio Aitek hautatu

etxea eta bazterrak.

Burrasoak, haurrideak,

gazteak eta zaharrak:

Hedoi beltz batek ni baitan

itzali ditu plazerrak.

 

Udazkenean urtzoak

pasaian dire partitu,

Hala hala naiz ni ere

neure herritik airatu.

Hedoi artetikan mendi

gora batean pausatu.

Hemen denbora behar dut

beti penetan pasatu.

 

Ikusten ditut bazterrak

egunaz mendi gainetik.

Itsaso gaitza aldean

uhainak zabal-zabalik.

Bertze aldean ageri

zelai luzeak ederrik...

Bainan oi ene bihotzak

ez du heietan plazerik.

 

Amerikarat jin nintzan

izpiritua arinik.

Geroztik nago, ondikotz,

bortz pentsaketa eginik.

Gaztean ez dut aditu

gizon zuhurren erranik,

Gero dut ongi frogatu

kasuak hala emanik.

 

Oi lagun gazte maiteak,

maiz zuetaz naiz orroitzen.

Zuen ganik urruntzea

zonbat etzeraut gostatzen,

Gutiak dire hemengo

bizi moldeaz gustatzen!

Nik ere hunat jiteaz

ez zaituztet ez sustatzen.

 

Zaudete beraz trankilki

zuen herrian bakean,

Zuhurki lana maitatuz

zuen ait-amen aldean,

Jainko legea segituz,

beti, behar den heinean.

Harek dohatsu egiten

gaitu lurraren gainean.

 

Sor lekuan izaitea

zuentzat zer zoriona!

Bai handizki egia da

eskualdunak diona:

«Herrialde guzietan

toki ederrak badira,

Bainan bihotzak diola:

zoaz Eskual-herrira!».

 

Bai orroit gaitezen beti

gur'arbasoen erranez,

Orroit aita onek

egin dituzten indarrez.

Herria azkar bai eta

gora atxiki beharrez,

Lagunt ditzagun guk ere

guziek gure ahalez.

 

Bai, Eskual-herri maitea

Herri guzien ama da.

Ameriketa on eta

ederra dela fama da.

Bainan han ere antzara

bere mokuaz ala da;

Nahi duenak sinetsi,

hori segurki hala da.

 

Laster nahi naiz ni ere

neure herrirat itzuli,

hemengo bizi moldea

nihaurek baitut ikusi:

Fortuna egin ustean,

herratua naiz ibili,

Banua beraz hemendik

neure herrirat ihesi.

 

Herria uztearekin

deuseren ez nintzen lotsa,

Urrearentzat bainuen

orduan neure ametsa.

Abiadan bezen arin

orai ere daukat moltsa,

Ordainez bizar ederrez

apaindua dut kokotsa.

 

Bos'pa sei urte egon naiz

Amerikako kanpuan,

Fortuna on egitea

neraukalarik gogoan.

Bainan ez dut, ez, diru

ezartzekorik kanpoan:

Ez dute kesa beharrik

ene sosentzat bankuan.

 

Fortuna arin eginik

dut Amerika utzia.

Bainan zer zori-ona den

berriz herrirat heltzia!

Harek aberastu deraut

handizki bihotz guzia:

Hemen nahi dut iragan

prestuki ene bizia.

 

Negozioko jaunekin

ez naiz batere hantatzen,

Nihauren moltsa luzea

ez baitut urrez hanpatzen:

Bainan orai sor-lekutik

bokarioz dut kantatzen:

Munduko aberasterik

ez du Jainkoak galdatzen.

 

Ezterenzubi herria,

ene sor-leku maitea!

Jainko Jauna, zuk, iguzu

gure artean bakea.

Zuhurki bizi dadien

beti Eskualdun jendea,

Eta begira fermuki

betiko gure fedea.

 

1903'ko abendoan

 

aurrekoa hurrengoa