www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsuak
Manex Etxamendi
1895-1954, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

SENPEREKO ITZULIA

 

                Airea: Argizagi ederra, argi egidazu.

 

Mandatari leial bat

jin izan zaut aurten;

«Gauerdiko meza bat

nun zelebratzen den,

Behar duzu ikusi

aldi bat bederen.

Hortako kausi zite

Lapurdin Senperen!».

 

Hegoa epel far-far

heldu zen menditik.

Izarrek distiratzen

zeru-gain hartarik.

Ardiak deskantsuan

mendian utzirik,

Bidian emaiten niz

makila harturik.

 

Guziak ixil daude

mendi zelaietan,

Huntzak hurubiz ari

oihan erreketan,

Xakurrak ere saingaz

urrun herrietan,

Senpererat heltzen niz

gauaz lorietan.

 

Ordukotz ari nintzan

herrirat hurbiltzen.

Kantu errepika bat

hor dut nik aditzen...

Gauaren gau minean

nor nuntik ari zen?

Herriko jendek dute

eliza airatzen.

 

Gauerdiko mezako

deia dute joiten,

Nahiz han arrotz nizan

aintzina niz joaiten.

Eliza selairurat

nuzu igaraiten,

Neure doi-doia leku

nunbait hatzemaiten.

 

Eliza dirdiran zen,

dena argitua.

Eskuara garbienez

oi han zen kantua!

Kantuaren arbola

han da landatua,

Nik dakitan norbaitek

ongi moldatua.

 

Meza akabatzean

ikusten dut gero

Mahain saindurat buruz

doatzila oro.

Jesus errezebitzen

denek lerro-lerro...

Girixtinotasuna

zinez hor da bero.

 

Girixtinoen kontra

balinbada lege,

Hor beren sinestean

oro fermu daude,

Enplegatuak ere

ez dira ahalge,

Guziek goresteko

zeruko Errege.

 

Holako jendeketa

bilduz elizarat,

Ikusiz hain ederki

egiten orok bat,

Bihotzera jiten da

halako goxo bat,

Egiaz iduri du

zeruko xoko bat!

 

Gure besta ederra

baitzen akabatu,

Berriz mendirat buruz

nintzan abiatu.

Jaun batek ninduen hor

eskutikan hartu,

Karitatez arabez

ber'etxian sartu.

 

Mahain baten aldean

ninduen ezarri,

Pents'ahal sokorriak

zauzkitan ekarri.

Azkenekotz ez nintzan

gose ez egarri.

Jaun on hura izan zen

ene xoragarri.

 

Jaun horren presentziak

ninduen xoratu.

Denbora bazoala

hor nintzan orroitu:

Ardi-etxolak zauztan

betan gogoratu,

Eta desertur gisa

nintzan eskapatu.

 

Ene egitateaz

ardura orroituz,

Geroztik hunat nago

ezin kontsolatuz.

Bizi behar bidean

beti hobekituz,

Ene denbora doa

ezin korreituz.

 

Ene etxolan nago

huntaz pentsaketan,

Jaun on hura nik nola

paga dezaketan!

Nahi diot igorri

Eskualdun kasetan

Esker mila bederen

errezebi dezan.

 

1930

 

aurrekoa hurrengoa