www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsuak
Manex Etxamendi
1895-1954, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

EGUR-BAZKARI BATEZ EMANAK

 

                Airea: Lili bat ikusi dut...

 

Hunat bildu girade

omore onean

Egurketari zonbeit

Erretoranean;

Bazkaria joan zauku

botzik mahainean:

Bi pertsu zor zaizkio

kafe-aintzinean.

 

Eskerrak oroz lehen

jaun Erretorari,

Harek plana eginik

besta eder huni:

Berak ditu hautatu

arno'ta edari,

Baitaki gure gostu'ta

zintzurren berri!

 

Bainan beha baitago

hantxe sukaldetik,

Kozinertsak har beza

gure bihotzetik

Konplimendu azau bat

lorez beztiturik,

Platen, gustuz apaintzen

ez baitu parerik.

 

Alta serbitzariak

dabantal xuritan

Zoin gurbilki ez gaitu

zerbitzaren plantan!

Ixil-ixila dabil

platak eskuetan,

Iduri pinpirina

Lili-baratzetan!

 

Jan-artean lagunek,

jaun ertora buru

ixtorioz gaituzte

nasaiki jostatu.

Ilar lodiz solasa

Benatek erein du;

Ea emanen dakon

uztak pagamendu?

 

Bazkari eder hunen

arrazoin ederra

Oihanetik heldu den

etxeko egurra:

Jainkoak oihanari

emanik indarra,

Zuzenki patxuer da

herriko ertora.

 

Egurrak bero beza

etxe hau neguan,

Gure artzaina dadin

bizi soseguan,

Otoitz kartsuak einez

supazter xokuan,

Bere prediku argi

xorrotxak goguan.

 

Egurrak lagun beza

gelaria berdin,

Saltsak apaila ditzan

gatz'ta biperrekin!

Beti zure talenduz

ditzazula egin:

Mari, zure nausiak

baduke atsegin!

 

Egungo erbikia

egur ekar-sari,

Aise atxeman daite

segur egurkari!

Entzunen dira mendiz

orgak karrankari

Ederki kargaturik

berriz hunat ari.

 

Pertsu hauk eman-eta,

behar dut gelditu,

Kafeak berorikan

nahi baitu hartu.

Bestak alegrantzia

legez hartze baitu,

Denek betan polliki

ein dezagun kantu.

 

1925

 

aurrekoa hurrengoa