 |
MENDI-GAINEKO MARIAREN KONFESIOA
Airea: Ikusten duzu goizean.
Eskual-herri ederrean,
Ait'amen onen artean,
Haur bakarra naiz etxean.
Girixtinoki naute altxatu
Artarik handienean,
Atxikiz bere menean
Beti erakuspenean
Zuhurtziaren gainean.
Haur xumea nintzelarik,
Ez omen nuen parerik,
Maitagarriago zenik.
Bainan urguilu ondikozkoan
Nere gogoak emanik,
Ez ginuen zorionik,
Ez bainuen maite lanik
Ez burrasoen erranik.
Jarri nintzan hanpatua,
Soinekoz aberastua,
Nere buruaz hartua.
Altxa-lilia udan bezala
Nere nahiz altxatua,
Maite nuen deskantsua,
Bestak eta merkatua;
Hori zen ene gostua.
Lore bat nintzan bixtako,
Eder jaurei batetako,
Aberatsen herrunkako,
Ipurdi faltsu zaia bilduan
handitzen hasi orduko:
Ezin para belauniko,
Gutiago kokoriko;
Gisa nindagon mendiko!
Aberats bat zen ohartu,
Niri begira gelditu
Eta laguner mintzatu:
«Mendi-gaineko Maria zauku
Gu bezalaxe beztitu;
Nork ezaguturen gaitu,
Aberats garela sortu.
Zer behar dugu pentsatu?».
Bestetan nintzen ernia,
Lan egunetan nagia,
Ohatzean egolia.
Amattok oihu egina gatik
«Hots, jeiki hadi, Maria!».
Lo nindagon alegia,
Ezin argituz begia;
Zer etxe-altxagarria!
Jeiki ondoan deskantsuz,
Beti mirail bati buruz
Biloak ezin apainduz.
Gero urratsa nuen ikasten
Gibela firurikatuz,
Gerria mehe tinkatuz,
Hatsik ere ezin hartuz,
Beti nindoan mendratuz.
Zentzuz erromes bainintzen,
Guti nuen ezagutzen
Ongia nondik heldu zen.
Uste bainuen lumaren gatik
Zutela xoria hartzen,
Hortan nintzen enganatzen,
Nehork ez zautan behatzen
Ni idurikoek baizen.
Noizbait ama abiatu
Behar nintzala sanjatu;
Nik ongia gaizki hartu.
Bainan hor aita bixtan emanik,
—Galtzak soinean baitutu—
Bi hitz zautan adrezatu;
Bortxaz nuen obeditu,
Gero ez zaut urrikitu.
Ordutik naiz kanbiatu,
Bizitze berri bat hartu,
Maitagarria bilatu.
Lohirat zoan lili ederra
Aldaxketan da gelditu:
Niri hala zaut gertatu.
Aitamek naute salbatu
Eskerrak deiztet bihurtu.
Mendietan zelaietik,
Garazin Amikuzetik,
Zuberoan Lapurditik,
Urguiluaren arbola zauku
Hedatu denen gainetik.
Aski handi da engoitik.
Pika dezagun errotik
Betikotz Euskal-herritik.
|
 |