 |
IXTORIO-MIXTERIO, HAURRENTZAT
Airea: Mehetegiko xakurra.
Etxaldeko nausi Martin
Iraulden ari zen behin
Bere idi ederrekin
Eta golde-nabarrekin...
Bertan hartz bat zitzaion jin
Gose handisko batekin.
Hartzak dio nausiari:
«Idi bat emadak niri!».
Martinek aldiz hartzari:
«Orai iraulden nuk ari.
Lan hau baitut egin nahi,
Orentto bat egon hadi!».
Axeria zitzaion jin:
«Zer duk horren trixte, Martin?».
«Hartzak idi bat galdegin,
Hortaz ez baitut atsegin,
Har ez dezadan berekin,
Nik ez dakiat zer egin!».
—«Ah! hori baizik ez baduk
Malurrik batere ez duk!
Hartza hantxe etzana duk:
Aise enganatuko duk;
Hori merke eginen duk;
Bi oilasko gaztetan truk.
»Joanen nuk hantxetara.
Oihu einen diat gora:
Zer da to hantxeko hura?
Hurbil hakio ondora;
Nabarra altxa-zak gora
Eta tanpez utz gainera!».
Hitz harturik badoatza.
Egiten du oihu gaitza:
«Zer da hantxetan beltz-beltza?».
Martin kexurik bihotza,
Harturik nabar zorrotza;
Hartaz kalitzen du hartza.
Axeriak: «Horra, horra!
Orai hor duk hil-gogorra!
Eni duk eman beharra
Oilasko pare ederra!».
Martin baitzen hain xuhurra,
Igorri zion xakurra.
Axeria da izitzen,
Bere xilorat hurbiltzen.
Ez da han luzaz egoiten.
Oraino barura baitzen,
Berriz ere da itzultzen:
Martini beha gelditzen.
Martinek du lana uzten,
Bere etxalderat jausten,
Idiak ditu laxatzen,
Buztar-uhalak han uzten;
Axeria da hurbiltzen,
eta uhalak ebasten.
Martin kexu berriz ere.
Astoak dio: «Nik ere
Satisfatuko haut aise.
Bazka on bat baituk hortxe,
Hortan nahi banuk ase,
Hiru uzker egin-arte!».
Hitzak elgarri emanik,
Martinek baietz erranik,
Astoa doa arinik.
Bidea zalu eginik,
Axeri-xiloan jadanik;
Han emaiten da etzanik.
Axeria zen ohartu,
Xilotikan ateratu.
Astoa nahiz tiratu,
Uhalez du estekatu,
Laster astoa xutitu
Eta kalopan partitu.
Harriturik axeriko
Han jartzen da kokoriko,
Astoari erten dako:
«Ez ote hiz eroriko?».
Bainan astoa zaluxko
Etxean zen eguerdiko.
Astoaren balentria,
Ase bat irabazia...
Martin dena malezia,
Pentsaketa zen hasia.
«Astoa hor asetzia
Ez dukek abilezia!».
Martinek du bazkan sartzen
Eta makilaz zanpatzen.
Martin zitzaion segitzen,
Kalapitan han zabiltzen:
Aipatu hiru azantzen
Egitea behar baitzen.
Ez aserik heldu dena,
Bai beharrezkoa dena:
Huna nun duen lehena,
Geroxago bigarrena,
Geroan hirugarrena...
Hori izan zen azkena.
Dena zauriturik hola,
Gero kanporat zoala,
Erori zen berehala
Lurrerat asto herbaila.
Han dago hila bezala,
Ahoa zabal-zabala!
Arrano, bele, menditik,
Bildu ziren urrunetik,
Miruak dio goratik:
«Hori hil duk oraikotik!».
Hasten zaio hain gogotik
Bele bat kisk-kisk ahotik.
Hegaztinak atseginez,
Astoak burutik minez.
Martinen gaizki eginez
Koleran zagon zin-zinez.
Belea ahora jinez,
Hor tinkatzen du haginez.
Astoa da krak xutitzen,
Etxerat buruz partitzen.
Etxekandrea ari zen
Hain xuxen labe gorritzen:
Ez baita guti harritzen
Zer ote zaion hurbiltzen.
Asto gaizoa firrindan,
Bere belea dilindan,
Hok ikusiz bere bixtan,
Andrea zen ikaretan.
Labe-haga su-garretan
Hartaz joiten du lumetan.
Beleari sua lotu,
Astoa aldiz oihetsu.
Laster bordara zen sartu.
Hantxe berean gelditu.
Bordan zen suia nausitu.
Eta guziak suntsitu.
Horra nausi zikoitzari
Zer malur zaion ekarri:
Kalte eginez besteri,
Bere ongi egileri;
Nahi dena uros bizi,
Beti xuxen ibil bedi!
1932
|
 |