 |
ESKUALDUNAREN ITZAL-PEAN
Airea: Lili bat ikusi dut.
Gure astekaria
dugu Eskualduna,
Garazin sortu zela
orok dakiguna;
Donazaharren hartu
hain landare ona,
Baionako lurrean
landatua dena.
Baxenabarren sortu,
Lapurdin da hazten,
itsas-haizeak ez du
batere izitzen;
Berrogeita sei urte
aise tu ekartzen,
Jabek ezin hobeki
baitute artatzen.
Erroak lur onean
arras barna ditu,
Adarrak luze, zabal,
airean hedatu.
Eskual-herri guziak
bere pean gitu,
Gu azkar eta sano
nahiz begiratu.
Zuhaitz dohatsuari
xoratuak gaude:
Enborra sendo eta
ostoak tu berde;
Bere lore pollitak
nehoiz galdu gabe,
Aste guziz fruituak
hondurik hor daude.
Eskual-herritik kanpo,
zenbat eskualdun den!
Hek ere haurrideak,
ez ditut ahazten.
Bere fruituak ditu
heier hel-arazten,
Afrikan, Amerikan,
oro ditu hazten.
Gerlari, laborari,
hor dauzka aldean,
Heien sokorritzeko
bai lehen galdean;
Denak laguntzen gitu
gure eskualdean,
Mañex kanpoan eta
Mayi sukaldean.
Pilotarier ditu
eiten ohoreak,
Zeren diren munduan
parerik gabeak;
Xoragarriak dira,
oro zoin hobeak;
Horiek deitzen tugu:
Eskualdun loreak!
Pertsulariak ere
Ditu maiz aipatzen;
Heien naurtitz kartsuak
guziak agertzen.
Irri-solasen lagun
potretak ezartzen,
Bihotz guzietarik
trixtezia kentzen.
Huntako bereziki
hartze du estimu:
Arbasoen usaiez
eiten gitu primu.
Moda tzarrak uzteko
ez baitira damu,
Eskualdun azturetan
gaude beti fermu.
Iguzkiak zerutik
baitu distiratzen,
Hola du Eskualdunak
jendea argitzen;
Gure baitarik ditu
lanoak urruntzen,
Argitzen gitu eta
Fedean sustatzen.
Barnea bezain eder
gaineko axala,
Ez dezoket atzeman
den mendren itzala:
Erne, argi, garbirik,
orai den bezala,
Gure Jainkoak beti
begira dezala.
1933
|
 |