NEVADAKO ARTZAINARI (II)
Airea: Oihan beltzian zuñen eijer den.
Ene herritar gazte maitea,
zuri gira gu behatu.
Toki hortako penak zer diren
oro ditutzu aitortu.
Beste Eskualdun anitzen ere
hori daukute salatu.
Penan direnak nahi nituzke
ein-ahala kontsolatu.
Nihau ez-deus bat izanagatik,
huna zonbait hitz lañoki,
Kontseilu ona ez baita behar
utzi sekulan banoki.
Atsegin nuke, askok bezala
ongi mintzatzen banaki,
Bakotxak dakin egia hura
erran behar du goraki.
Eskualdun anitz Ameriketan
artzaingoan dira jartzen.
Hor kausitzen den bizi dorpeaz
anitzak dira lotsatzen.
Mendia utzi eta hirian
zer ote zeie gertatzen?
Ez dire heiek zuek bezala
bake on hortaz gozatzen.
Erran daukuzu: «Penagarri da
hemen igande eguna.
Meza-sainduaren entzutea
guk ezin dezakeguna!».
Bainan bihotzez balin baduzu
beti borondate ona,
Jainko onaren grazia segur
jautsiko da zure gana.
«Desertuetan bakartasuna
dela hain lotsagarria!».
Goiti zerurat behatu eta,
zer gauza xoragarria!
Izar eder hek dirdiran daude,
izarrak ta ilargia...
Hantik gu ganat begira dago
heien guzien Nausia.
Betleemeko harpe batean
Salbatzalea da sortu.
Hango artzainak, aingeru batez,
ditu bere ganat deitu.
Heien agurra nahi izan du
lehenik errezebitu.
Artzainak zonbait maite dituen
ez dia ongi frogatu?
Eskual-herrian, mundu guzian,
orotan da Jainko bera.
Ez dugu zeren izan dezagun
nehork urgulu sobera.
Uros ditake bizitzen dena
haren legen arabera.
Jeiki-erorka pasatzen dugu
mundu huntako denbora.
Beti bidian goatzi oro
munduan sortuz geroztik.
Zerura heldu nahi ginduke
bakotxa gure lekutik.
Jesusek eman dauku Ama bat
gu atxikitzeko xutik.
Ama Birjina, zuk har gaitzazu
guziak zure eskutik.
Jainko onaren baitan guziek
behar dugu fidantzia.
Harek segurki ezagutzen du
ongi gure flakezia.
Jesus otoiztuz, elgar maitatuz,
galde dezagun grazia:
Zori-onean goza dezagun
Eternitate guzia.
1949
|