www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pernando Amezketarra
Gregorio Mujika
1925

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak, Gregorio Mujika. Iņaki Deuna, 1925

 

aurrekoa  

64
BAT EMAN, BESTEA ARTU

 

        Gure zorioneko Pernando au bazebillen bein beste askotan bezela, zer janik ez zuala. Alakoetan, jakiña!, erretore jaunarengana joan bear eskean.

        —Erretore jauna: anega bat arto emango balit «ixtimatuko» nioke ba...

        —Anega bat arto? Ez zeukeat nik alperrentzat artorik. Lan egin zak, eta ala izango dek artoa. Pernando ixil-ixilik etxeratu zan. Garizuma iritxi zanean, ordea, erretoreari «peatu» bear ziola, ta joan zan sakristira txartel-billa.

        —Ia Pernando: zer esan nai du Santuen komunioak?

        —Artorik ematen ez duana eramango duala inpernuko demonioak.

        —Utzi akiok pakean inpernuko demonioari. Espiritu santua artu bear dek laguntzat, Espiritu santua; ez demonioa. Zer obra egin zikan Espiritu santuak?

        —Etxe bat Errenterin, jauna. («Espiritu Santua» deitzen zioten etxe-egille bat bizi zan orduan Errenterin).

        —Bai e? Joan adi bada Errenteriko Espiritu santuarengana, ta eskatu akiok txartela, nik beintzat ez diat emango-ta.

        Ixildu zan berriz Pernando. Ez orregatik buru-makurturik gelditu.

        Bere baratzan bi kalabaza aundi zituan erretore-jaunak. Aiek baño aundiagorik inguruetan ez zala-ta, arro-xamar itzegiten zuan, eta bai ondo pozik erakutsi ere.

        Joan zen Pernando erretore-etxera, ta neskameari esan zion:

        —Aizan, Mañaxi: erretore jaunak apustua egin din Eulizarreko Joxerekin, ia zeñek kalabaza aundiagoa ekarri. Ta baratzan daukan aundiena emateko esan zian.

        —Ator baratzara, ta erorrek ebaki zak aundiena ara, pareta-kontrako uraxe dek.

        Pernandok «rast!» ebaki, ta bizkarrean artuta eraman zuan.

        Erretore jauna etorri zanean:

        —Eta zeiñek irabazi du apustua erretore? Eulizarreneko Joxek ez zuan gauza aundirik ekarriko beintzat...

        —Baña zer esaten ari zera, Mañaxi?

        Mañaxik guzia esan zionean, erdi-aserre, erdi-parrez gelditu zan erretorea.

        —Kalabaza zalea da orratio Pernando alproja ori. Txarteletan galanta eman diot bada baño berak aundiagoa eraman dit...

aurrekoa