www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pernando Amezketarra
Gregorio Mujika
1925

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak, Gregorio Mujika. Iņaki Deuna, 1925

 

aurrekoa hurrengoa

PERNANDO AMEZKETARRA

 

        Milla ta milla txalo irabazi dituzute, emen bildu zeraten amezketarrak, gure aurrean zaudeten gipuzkoarrak, onera etorri zeraten euskaldun guztiak.

        Zer dala-ta bildu zerate gaur Larrunarriren azpian bere tokia aukeratu zuen Amezketako erri ontan?

        Gudari bikañen baten izen otsandikoak ekarri al zaituzte? Gizon jakintsuen artean bere burua jasotzen zuen asko-jakin baten omenak geiago ta geiago zabaldu ta goratzera alzatozte? Ez. Zuek onera ekarri zaituzten gizona, etzan gudaria, etzan jakintsua, etzan aundikia. Artzai bat zan, nik entzun dedanez; baña zuek etzatozte artzaia zalako; Bertsolaria, eta bertsolarien artean gañ-gañekoa zalako, zatozte. Eta orregatik esan det lenago, milla ta milla txalo irabazi dituzutela.

        Ez derizkiotzute, gure artean bertsolariak beti izan ditezen, bertsolari bikañen, bertsolari zorrotz eta azkarren oroitza goratzea eta sabaltzea ezin ta egokiago dala?

        Goratu zagun, bai eta zabaldu zagun Pernando Amezketarraren oroitza, eta bere esaerak eta berak egin zituela esaten dan gauzarik gogoangarrienak, buruan eta biotzean iduki ditzagun. Pernando noiz jaio zan, eta noiz il zan jakin naiko dezute. Berealaxe esango dizutet.

        Pernando Bengoetxea, Amezketako semea, erri ontan jaio zan 1764garren urteko Urrillaren 10an. Emen bertan ezkondu zan, Joxepa Sagastumerekin, 1790garren urteko Orrillaren 3an, eta 1823an il zan, orain eun ta bat urte. Amezketan jaio; Amezketan ezkondu; Amezketan il. Aitaren aldetik, Adunan bere aurretikoak iduki arren, benetan Amezketarra zan Pernando -Bengoetxea. Eta Amezketarren eta Pernandoren izenak elkarri itsatsiak bezela daude. Ez degu iñoiz entzuten Pernandoren izena, Amezketarra zala gogoratu gabe. Amezketarrentzat, noski, pozgarria da, Pernandoren erritarrak dirala beste euskaldun guztien aurrean erakustea.

        Zer egin zuen, bada, Pernando otsandiko orrek, bere izena, urteak joan eta gero ere aiñ pozik gogora ekartzeko, aiñ biotzez goratzeko? Diru asko bildu zuen? Ez beintzat. Bera ezagutu zutenak diotenez, diru bearrean geiagotan arkitu zan diruz aseta baño. Dirutsua izan balitz, etzuen Alegiko eskribauarena joan bearrik izango bere artzekodunakin zer egingo ote zuen galdetzera, estu ta larri ekarri etzezaten. «Zuk zor dezuna eskatzen dizutenean, ortzak erakutsi bear dizkietzu» —esan zion eskribauak. «Eta orain berori zer zor diot» —galdetu zion bereala Pernandok. Eta eskribauak «onenbeste edo hainbeste» erantzun zionean, badakizute Amezketako artzai burutsuak zer egin zion eskribauari? Ortzak erakutsi. Laster ikasi zuen eskribauak esan ziona.

        Zorrak nondik oraindu ezbazuen Pernandok, etzan dirutsua, etzan aberatsa. Gaurko egunean, ona izatea, jakintsua izatea eta beste dozer gauza pozgarri izatea baño aberats izatea askoz geiago billatzen dala, derizkiot. Orregatik, lenengo lenengo Pernando dirutsua ote zan galdetu det.

        Aberatsa etzala ikusi degu. Jakintsua ote zan bada? Jakintsua? Jakintsua izateko, ikastola gitxitan ibilli zan. Aiñ gitxitan ezik, irakurtzen ere etzuen ikasi noski. Baña irakurtzen ez ikasiagatik, buruan argia bazuen, eta nori nai ziri ederrak sarten bazekien.

        Berez, Jaungoikoak eman ziolako, buruan zuen argitasun orretatik dator Pernandoren oroipenak gaur ere, gure artzai ta nekazari ta langillien artean daukan indar eta sustraia. Eta buruko argitasun ori dala-ta, bildu gera gaur emen, Amezketarrakin Amezketakoak ez geran asko, Pernandoren izena eta Pernandoren oroitza goratzeko ustean.

        Irakurtzen dakienak, berak jatorriz duen argitasuna geitu ta bizirotutzeko bide berriak baditu. Baña berez argitasunik ez badu, bere burua neguko egun beltz illun bat baño illunagoa bada, irakurtzen ikasteak ez dio argituko. Lengo esaera zarra da, jatorriz edo sorreraz batek ez duen argia, Salamancan ikasteak ez diola emango. Ori da askorekin gertatzen dana. Pernando berriz, Salamancara ez joanagatik, ikastola bat zer zan ez jakin ta ere, irakurtzen ikasteko bear zuen erakusle bat ez arkitu arren, beti izango da gure artean gogoangarria, buruan, beste askok etzuten argitasunak dizdiz egiten ziolako.

        Eta bera gogoangarria dalako, gogoangarriak dira, era berean, bere bizitokitzat iduki zituen etxeak, bera ibilli zan zelai eta ibai-aldeak. Toki oetara goazenean, baderizkiogu, andik edo emendik Pernandoren itzala sortuko zaigula, an gertatu zana guri esatera, gogoan iduki dezagun, gero gure ondorengoai guk ere edestu edo kontatzeko. Baserritako sukalde txokoan, amaika bider entzun dira Pernandoren gertaera oek.

        Gertaera oek danak, Pernandori berari gertatuak ote dira? Nik ez det uste; bene-benetan esaten dizutet, egia, beste gauza guztien gañetik maite dedalako. Baña, oiek danak Pernandori gertatuak ez izan arren, Pernandoren izena len baño illuntxuagoa gelditzen ote da? Nik ez derizkiot beintzat. Aspaldiko gizaldietatik onera, erri batzuetan eta besteetan nork daki non sortuta, eta zer bidetatik alde batetik besteetara eramanta, ipui batzuek entzuten dira gizonik geienak oso txalogarritzat artu dituztenak. Ipui oietan norbaiten buru-azkartasuna agertzen da. Norenak diran eta nork asmatuak diran ez jakiñagatik, erri bakoitzak laster arkiten du noren izenean ipiñi. Alde batzuetan bat da; beste batzuetan, beste bat; gure artean Pernando, orrelako ipui, aitarik eta amarik ez dutenen egillea. Zergatik? Ez da izango noski, beste edozein baño ipuiegille txarragoa zalako. Orregatik nion nik, Pernandori berari gertatuak ez izan arren gertaera oiek guziak, Pernandoren izenak ez duela ezertxo galtzen.

        Gertaera oietatik bat baño geiago badira, Pernando jaio baño askoz lenago egindako liburu edo idaztietan neronek irakurriak. Idazti oietatik, batzuek Italian egiñak dira; besteak, Frantzian; bestek, Españian. Idatzi oetako batek, zortzireun bat urte baditu. Judatar kristaututako bat zan bere egillea, aragoitarra. Pedro Alfonso zan bere izena, eta Disciplina Clericalis, bere idazti edo liburuarena. Idazti onek dakarzkien ipuiak, geienak beintzat, eguzkia sorten dan aldean bizi diran errietatik artuak dira, baño ongi zabaldu ziran Europa guztian. Emen Aralarperaño iritxi zan oietako bat, eta Pernandori gertatua bezela esaten digute. Ogei bat urte badira igande-arratsalde eder batean, neroni Amezketara etorri nintzala, txiki-txikitatik ikasi nuen ipui edo gertaera ori, emen Pernando bizi izan zan tokietan, Amezketarren aotik entzun nairik. Eta or ibilli nintzan toki itzaltsu eta ederretan, Pernandoren izena berekin daukaten etxeak ikusten. Orduan ikusi nituen Irulegi, Bengoetxea, Espilla, Apatxeko borda eta Asentxinea txikia. Batik bat, azkena, aitatu degun oni begiratu nion. Bi lasa edo errekak antxe aurrean bat egiten dute. Igaran da eskuikoa; ezkerrekoa, Loidi. Urak argi-gañetik dijoalako, eta aldapa bera indarra daramalako, ots aundia ateratzen du an. Eta antxen diotenez, Errotako zubiaren inguruan, Pernandok gau batean, ardandegitik beranduxeago zetorrelako eta emazteak, bere Mari- Joxepak, etxeko atea iriki nai etziolako, bere burua errekara botako zuela deitu zion eta ala egin zuela andre gaixoak sinistu zezan, arri aundi bat artu, eta bere buruaren ordez arri ura joan zan ibaira zalaparta ederra atereaz. Eta orduan emaztea etxetik egiñalean joan zan ibai-ertzera eta Pernando, etxeko atea irikita ikusi bezin laster, etxera sartu zan. Mari-Josepa atarian uzten zuelarik. Gertaera au da, beste izen batzuekin, len aitatu dedan Pedro Alfonsok egindako Disciplina Clericalis deritzaion liburuan, eta beste askotan, irakurtzen dana. Baliteke lenago beste norbaiti gertatuagatik, gertaera bat eta beste, eta geiago, Pernandori gertatzea, eta berean Pernando jaio baño askoz lenago egindako liburu edo idaztietan agertzea. Eta ez emen inguruetan egindako idaztietan: oso urruti egindakoetan.

        Pernandorenak bereak dirala, zalantzik gabe, esan genezakean egitekoak, bertsolarien artean izen aundia eta ongi irabazia eman ziotenak dira. Egiteko oek izan ez baziran nondik bururatuko zitzaion iñori, beste gertaera oien egillea Pernando zala asmatzea? Ipuirik gezurtienak ere badu beti bere egiazko sustraia.

        Pernando —len esan degu eta orain berriz gogoratu bearrik ez degu— artzaia zan. Eta bere artzaintzan zebillela, norbaitek zirikatzen bazuen arin erantzungo zion, itz-neurtu ederrak eta zorrotzak bat-batean, iturritik ura ateratzen dan erara sortuaz. Bertsolari onak baziran egun aietan Gipuzkoan, baña iñork etzuen Pernandok ainbat omen irabazi. Neri emen esan zidatenez bein batean Pernando Aralarren zegoen bere artaldearekin eta ardiak eraizten ari zala etorri zitzaizkion estu ta larri Azpeitira joateko Azpeitian bertsolari-guda aundia zala eta bere erritar Zabala beste itzneurlari batzuekin galdu-bearrean zebillela, beste oiek Zabala baña argi eta zorrotzagoak ziruditelako. Eta Pernandok Amezketarren izena beste guzien gañetik laster jaso zuen, beste danak baño bertsolari azkar eta zorroatzagoa zala erakutsi zuelako.

        Pernando ezagutu zutenen artean Iztueta Zaldibiarra da aren gertaera batzuek idaztietan jarri dizkiguna. Beste gañerakoak, aoz-ao etorri dira gugana. Eta aoz-ao datorren itza, sarritan ez dator lenengo atera zan ezpañetatik sortu zan bezela. Orregatik Pernando Amezketarraren izena goratu naian gabiltzanak, Zaldibiko Iztuetari Zaldibiko Txuriri asko zor diogu. Eta zorra aitortzea, ordaintzeko biderik egokiena da. Ordea aitortze utsa ez da aski Iztuetari bere saria emateko. Pernandoren egite batzuek gogora-erazi nai zizkigulako. Pernandok bertsolarien artean erakutsi zuen trebetasun argia, idatzita utzi zuen. Ez ote da ongi egiña izango Iztuetaren itzakin gertaera oiek zuen aurrean gaurko egun gogoangarrian oroitzea? Entzun, entzun, Iztuetak zer dion.

        «"Datorren Otsaillean izango dira ogeita bi urte —oraintxen dira eun urte, Iztuetak au idazten zuela— Billabonako plazan jokatu zutela itz-neurtu edo bertsoetan bosna ontza urre, lendanaz apustua eginik, Zabala Amezketarrak eta Txabalategi Ernanikoak". Iztueta bera zan, Zabalak billatuta, itzneurlarien artean zan indar-neurtze artarako epaille edo erabakitzalletako bat. Baña egun batzuek aurretik eritasun txiki batek artu ninduelako, ez nuen serbitu, eta nere ordez eraman zuten bere erritar Pernando, baita Txabalategik ere Aizarnazabalko elizaia; eta Billabonako alkate jaunak erabakitzalle Jose Mendizabal jaun Tolosako apez aundi sonatu ura. Ipiñirik lau milla ta geiago personaren aurketzean kantatu zuten bi orduz jokalariak, apostua egiña zuten bezala; batak besteari asmatu al zitzaten itz gairik nekezenak irikiaz, nondik eta nola alkar naspillatuko zuten, alegiñik aundienak egiten zituztela».

        «Guziak ere ain zuzen eta egoki eman omen zituen nork bere itz-neurtuak, non apostuko bi orduak betetzean, ekadoi edo juezak, alkargana batu baño lenago, altxatu emen zan plazako jende guzia deadarrez, esaten zutela: jokalari biak kantatu zutela guziz ongi eta utsaldirik gabe, entzunleak naikidaturik utzi zituzten moduan, eta beragatik onkai zutela, berdiñ-berdiñean gelditzea». Orduan irten omen zan era berean Aizarnazabalko elizaia plaza erdira, eta kantatu omen zuen itz-neurtu au:

 

                Txabalategi eta

                Zabala gaztea,

                Askok deseo zuen

                Kantuz ikustea.

                Atsegin aundietan

                Geldi da jendea;

                Bata adinbat egin

                Bear degu bestea.

 

        Pernandoren erantzuera:

 

                Ezin gentzake, bada,

                Beste gauzarik eiñ;

                Nik gogoan naukana,

                Zuk dezu itzegiñ.

                Utzi bear ditugu,

                Biak berdiñ-berdiñ,

                Gipuzkoa guziak

                Ar dezan atsegiñ.

 

        Ara emen nola zuen Pernandok, amezketarrak, gure Pernandok gipuzkoarrak, erakusten digun itz gutxitan, bire gipuzkoartasuna.

        Ara, Pernandoren beste gertaera bat, au ere Iztuetak idatzia:

        «Orain ogei ta lau urte —badakizute Iztuetaren idaztia, orain eun urte egiña dala— San Sebastian egunarekin eraman zuten Pernando Amezketarra Azpeitira, erri bereko betekin itz-neurtuetan jokatzera; baña etzitzaien agertu kontra aritzallerik plazara. Egia da, bera zegoen ostatuko atarira joan zitzaiozkala gabaz, desgaraiean deadarrez ta auparaka, baña ezaguturik Pernandok aien asmo txarrak, beraren onerakoak etziradela, utzi izan zien gau artan kantatu gabe, eta bidaramunean ikusi zuenean karrikan igarotzen bere kontrario ustekoa, bota zion aurkez-aurke, beste anitzen artean itz-neurtu au:

 

                Lagunak arturikan

                Guzizko tirrian,

                Nere billa enbillen

                Bart gau erdian.

                Erronkak botatuaz

                Prestuezkerian

                Ez dik ongi ematen

                Nork bere errian.

                Egunazko argian,

                Euskara garbian,

                Jokatu nai nian;

                Bañan ez nauk ipiñi

                Iñon premian.

 

        »Ederki erakutsi zuen Pernandok bera nor zan, eta bere bizkar parre egin nai zutenak, elperrikako asmoa zutela.

        »Oraindik beste gertaera bat badegu, Iztuetari ikasi ta zuei esan bear dizutedana, Pernando zer nolakoa zan bertsolarien artean gogoan ongi sartu dezazuten.

        »Tolosako erri leñargitiko batzartar jaunak —Iztuetak idazten du— 1802garren urteko iñauteriaren azkenengo arratsaldean, biribillatu zituzten lau itz-nuertulari, Gipuzkoan aurki alzitezkean onenak: Zabala, Pernando, Txabalategi eta Altamira, lauak letra bat bakarra ere ezagutzen etzutenak.

        »Plaza zarreko baranda banatara igorik kantatu zuten arratsalde guzian bi bitara. Ain atsegintasun aundikoa ta pozkidatsua izandu zan arratsalde gogoangarri ura ezik, illunduta gero ere deadarka zeuden entzuleak, aurrera ere kanta eragiteko, eta uste det baldin eguna zabaldu arterañoko guzian ere ari izandu balira kantari, etzala aldenduko entzuleen artekorik inor ere».

        Bertsolariak beti izan dira gure artean, gogoz entzunak. Beserritarrentzat ez da jai pozgarririk bertsolaririk ez bada. Etxe batetik edo bestetik bertsolari bi ateratzen diranean, eta aurrez-aurre jarririk, batak ziri bar besteari sartu, eta bestiak lengoari ziri zorrotzagoakin erantzun asten diranean, ura poza, ura atsegiña baserritarren artean! Arpegian, begietan, esku ta besoetan, beren ibilleran ongi erakusten digute, bertsolarien ateraldi ederrak atsegin aundia artzen dutela. Eta orrela, iñoren kalte gabe, poz ematen duten gizonak, txalo ugariz artu bear ditugu. Len esan dedana berriz ere esatera noa, nere itzaldia bukatu baño len: gure txaloak, gure omenak, ez dute gudarientzat eta agintarientzat eta jakintsuentzat eta aberatsentzat bakarrik izan bear. Artzaia dalata, mendian bizi dalata, dirurik ez duelata, idaztietan bere izena ikusten ez degulata, ezereztzat iduki bear aldegu gure erritar askorentzat gogoangarria izan dan bertsolari buru-azkarra? Ez noski, Batzuek idazti edo liburuetan ikasten deguna, beste batzuek Jaungoikoak gure begien aurrean ipiñi dizkigun zelai, baso ta txara, ibai eta erreka txistor, arkaitz eta leizezulo, itsaso zabal, otsgarbi eta lañoetan ikasten dute. Gure jakiteaz ez degu geiegi arrotu bear. Guk, liburuen aurrean urte asko igaro eta gero ere ez dakizkigun gauza asko dakizki goizetik arratsera lurrari aberastasuna atera naian dabillen baserritarrak, bere artaldeen ondoren dabillen artzaiak. Eta baserritar au, artzai au berez buru-azkarra danean, orduan maiz arrituko gera bere ateraldi zorrotzakin. Pernando Amezketarra oetako bat zan. Eta oetako bat zalako, bere oroitzak gure artean, gizaldiak joan eta gizaldiak etorri, asko iraungo du. Asko iraun dezan, egin degu gaurko jai eder au.

 

KARMELO ETXEGARAI

 

aurrekoa hurrengoa