www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pernando Amezketarra
Gregorio Mujika
1925

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak, Gregorio Mujika. Iņaki Deuna, 1925

 

aurrekoa hurrengoa

10
EMAZTEA ITZIK GABE

 

        Egun batean, ez zeukaten etxean arbasta bat ere, ta egur-billa mendira joan zan.

        Egur moztutzen asi besterik ez zuen egin eta gazte-pilla bat agertu zan, eta esan zioten:

        —Pernando: gaur dan egunarekin mendian lanean?

        —Zer egun da ba, gaur?

        —Azkarateko pestak, gizona.

        —Arraie-arraia, ta ala dek.

        Eta zegona zegon tokian utzi ta Azkaratera gazte aiekin joan zan.

        Etxian hartu bearrian baziran, ondo jaioak zeuden.

        Lau egunean ez zan etxeratu. Bostgarrenean etorri zan, eta emazte gajoa soroan lanian arkitu zuen.

        Alderatu zitzaion eta emaztea kopet illunarekin ixilik. Leiatu zan emazteak zerbait esaten ote zion, baña alperrik, Emakume arren abotik ez zuen itz bat entzun.

        Orduan erretorearengana joan zan.

        —Jauna —esan zion—. Etxean oker aundiak ditugu. Emaztea itzik gabe daukat.

        —Gizona, gizona...

        —Egin ditudan alegiñak alperrik izan dira. Itz bat ezin atera zaio.

        —Emakumea, ta itzik ez... ez zeok ondo.

        —Ala esan liteke.

        —Goazen, goazen, zerbait egin bearko dala uste det.

        Joan ziran sorora, ta emazteak erretorea ijusi zuenean asi zan:

        —Erretore jauna, beorri ere alderdi abetatik?

        Eta Pernandok.

        —Orain etorri zaio itza. Sendatu da.

 

aurrekoa hurrengoa