www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pernando Amezketarra
Gregorio Mujika
1925

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak, Gregorio Mujika. Iņaki Deuna, 1925

 

aurrekoa hurrengoa

38
BI ASTO

 

        Pernandoren burua nola ote zebillen egun artan! Astoa aurrean artuta joan zan goizean perira, ta astoa nun zuan ez zekiala zetorren gauean etxera.

        Asto gabe zetorrela ikustean emazteak zer esango ote zion, bildur zan. Geldi-geldi, bere kasa itzegiñaz, burua alde batera ta bestera erabilliaz zijoan etxe-aldera. Ostatu-aurrera ala irixten ikusi zuanean, ostalariak esan zion:

        —Zer dezu, Pernando, orla etortzeko? zerbait gertatu al zaitzu?

        —Bai gizona. Astoa perira eraman det, eta perian aztuta ez nator bada? Oraindik orrelakorik... Tokitan dago, ura orain arren billa joateko. Zorioneko astotzar ori... emango nioke!...

        —Utzi zaiozu biar arte, gizona. Biar ere an egongo da bai.

        —Bai, ori bai, ondo lotuta utzi det-eta. Baña nere emazteari zer esango diot? Egia esaten badiot...

        —Gezurra esan. Esaiozu... esate baterako... Ara. Zure lagun batek txal txikidun bei bat erosi duala: txal txiki ori ezin eramanik arkitu dezula bidean, eta txala gañean obeto eraman dezan, astoa eskatu dizula ta biar berriz ekartzekotan eman egin diozula.

        —Ez zera makala, adiskide! Buru iaioa daukazu gero gauzak asmatzeko! Nere Mari-Joxepari egia esan bear izan banio, ixtilluak izango ziran gure etxean... Orla, ordea... bapo ziok!

        Uste bezela gerta. Sartu zan Pernando etxera, astoa nun zuan galdetu zion Mari-Joxepak, lagunari nola eman zion erantzun zion Pernandok, Mari-Joxepak sinistu zion... itxuraz beintzat, eta pake santuan oeratu ziran.

        Urrengo goizean joan zan gure gizona peri-tokira asto billa... ta an astorik ez. Ara bigarren ixtillua, ta bigarren gezurra asmatu bearra!

        Etxeratu zanean

        —Astoa ez al dakarrek, Pernando?

        —Ara, ez bada. Atzo, txala gañean zuala bidean zijoala, beiak bultzada bat egin omen zion eta elbarrituta dago. Ni ikusi nauenean etorri nai izan du gaixoak, baña gaizkigotu ez dedin nere adiskidearen ukulluan bertan utzi det egun batzutarako. San Bartolometarako emen izango degu.

        Pernando izketan ari zala, bere astoa ukulluan arrantzaka asi zan.

        —A kirtena!... —esan zion Mari-Joxepak senarrari—. Aditzen al dek ori? Gezurrak asmatzeko ere burua bear dik, burua; ez ik or lepo-gañean daukekan lapiko zar ori. Bi asto zeuzkeagu guk etxean, bi asto.

        —Bi?

        —Bi, bai, bi: atzo ezkeroztik ukulluan dagon ori ta i.

        Aurreko egunean Pernando bera baño lenago ez zan bada astoa etxera etorri! Bai Mari-Joxepak ukulluan ixil asko sartu ere. Toki onean zeuden Pernando gizarajoaren ziriak!

 

aurrekoa hurrengoa