22 ARKUMA TA DUROA
Ez dakigu zertarako baño, bein, besteren bordatik arkuma bat atera naiean zebillen Pernando. Kanpo-aldetik barrura eskua sartuta, isetxetik eltzen zion arkumari ta langa-sareraño ekarri ere bai, baño tarte estuduna zan langa ori ta ezin atera zuan arkuma kanpora. Bertan utzi bear izan zuan.
Urrena aitortzera joan zanean, apaizak galdetu zion:
—Ia zazpigarrenean... Ezer ostu al dezu?
—Ez jauna. Naia bai, izan det, ostutzekoa.
—Berdin da, berdin da. Ostu edo ostutzeko naia izan, berdin-berdin da. Ia, ia, nolakoa izan zan nai ori.
—Ara jauna, nagusiari arkuma eraman bear nion eta, nereak txikitxoak zeuden-eta, beste borda batean aundiagoak ikusi nituan eta, andixe ostutzeko gogoa etorri zitzaidan. Langa-sareraño ekartzen nuan baño ezin atera, ta bertan utzi nuan.
—Gizona, gizona... Ori barkatzeko duro erdi-banako bi meza atera bearrean zera.
—Duroa eman bear, beraz?
—Jakiña.
—Orain ematea berdin al da?
—Ez da bearrezkoa. Urrengo batean emango dirazu.
—Gaur ematea naigo nuke.
—Nai dezuna...
Pernandok, apaizak barkamena eman zionean, eskua luzatu ta emakumien aitor-tokian dagon saretik duroa eskeñi zion.
—Ortik ez, ortik ez —esan zion apaizak.
—Bai jauna bai, emendik.
—Ortik ezin artu det, gizona.
—A!... Neri ere orixe bera gertatu zitzaidan arkumarekin.
|