www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pernando Amezketarra
Gregorio Mujika
1925

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak, Gregorio Mujika. Iņaki Deuna, 1925

 

aurrekoa hurrengoa

2
ORTZAK ERAKUTSI!...

 

        Pernandok ixkribauarekin itzegin nai zuen. Bere etxera joan zan eta dan! dan! atea jo zuen. Bereala neskamea azaldu zitzaion.

        Neskameak, nolako itxura atera deitzen dutenak, alako arpegia jarri izan oi dute.

        Aberats antzekoa bada arpegi guzia irri parrez josirik, eta tibiribiri, tibiribiro, sortu diran inbusteri guziak esanaz.

        Erdi puerdikoa bada, arpegi otza, ta itzak otzagoak oraindik.

        Eta zarpazar antzekoa danean berriz, tximinia baño illunagoko kopetarekin eta erratza baño latzagoko itzakin.

        Ori neskame guztiak jakiten dute. Aralargo muturretik errira datorren neskak, bigarren asterako inork erakutsi gabe ikasten du.

        Ez dago esan beharrik zer itxura eramango zuen Pernandok eta zer arpegi jarriko zion neskamenak.

        Pernandok, apal apal, galdetu zion:

        —Nagusia etxian al dago?

        Eta neskameak, itz bakoitzean bi purrustada egiñaz:

        —Ez dakit. Jakingo det.

        Orrenbesterekin ezkutatu zan.

        Pernandok igarri zuan zer arrera egiten zioten etxe artan, eta ona zer bururatu zitzaion.

        Berrogei erraldeko beia erosteko aña diru ez zuen noski berekin izango, bañan txanpon bakar batzuek musuzapian korapillo batekin bilduak bazeuzkan.

        Bere aiek askatu ta zalaparta ikaragarria ateriaz lurrean bota zituen.

        Asarre bizian, neskamena biurtu zan, eta esan zion:

        —Gizona. zer darabilzu zarata burrunbatsu oiekin?

        —Badakizu —erantzun zion Pernandok— diru mordoxka bat dakart nagusiarentzat eta banaken batzuek erori zaizkit.

        Ori entzun zuenian, neskamea, diruk beretzako izan balira bezela oso poztu zan, aberatsentzako bezelako arpegi goxo irritsua jarri zuen, txanponak biltzen lagundu zion, eta, gixontxua, nagusia etxean dago, esanaz, ixkribauaren aurrera eraman zuen.

        Ixkribauak esan zion:

        —Zer degu?

        Eta Pernandok:

        —Jaio giñan-ta, iltzea zor degu.

        Gero jarraitu zuen Pernandok esanaz:

        —Jauna, zorrak badauzkat, artzekoak ere bai; artzeko dauzkatenai ez diet estutasunik eman nai, eta nik zor dietenak berriz estu narabilte. Larritasun onetan, zer egin ote nezaken jakitera etorri naiz.

        Ixkribauak erantzun zion:

        —Ori gauza errexa dezu. Artzekoak, nola nai dala ere, artu itzazu, ta zor diezunai, berriz, ortzak erakutsi.

        —Beraz dirua eskatzen didatenai ortzak erakutsi?

        —Ori da.

        —Ederki iduritzen zait. Eta, orain, beorren nekea zenbat da?

        —Box pexta egin zazu.

        —Nola?

        —Box pexta.

        Pernandok orduan, ortzak erakutsirik, uuu! egin zion.

        —Zer da ori? —zion karraxika ixkribauak.

        —Beorrek erakutsi didana. Ortzak erakutsi.

        Eta nagusi ta neskamea parragarri utzirik, Pernandok etxe artatik alde egin zuen.

 

aurrekoa hurrengoa