www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pernando Amezketarra
Gregorio Mujika
1925

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak, Gregorio Mujika. Iņaki Deuna, 1925

 

aurrekoa hurrengoa

63
IL, BARKATU, TA PIZTU

 

        Nola edo ala artalde baten jabe izateko gogoa sartu zitzaion Pernandori. Ardiak izan nai, ta ardiak erosteko dirurik ez. Besteren bat estutuko zan noski, baña ez gure Pernando. Dirurik ez zuala? Geroago ordaintzekotan erosi.

        Ala erosi zuan Pernandok bere artalde ori. Egunak etorri eta egunak joan, ordaintzeko ordua ere etorri zan.

        Ez zan estutu. Bi adiskideren billa joan zan, eta:

        —Eup!...

        —Zer degu, Pernando?

        —Zera! Ardiak ordaintzeko eguna etorri zaidala-ta, nik dirurik ez detala-ta, zuek lagundu bearko didazutela...

        —Guk? Gure diruak errez eramango dituzu.

        —Ez det zuen diru bearrik. Itzezko laguntasuna eskatzen dizutet, ez diruzkoa.

        —Ori emango dizugu, bada, gizona.

        —Tira bada; goazen. Nere artzekoduna zai dago onezkero, ta goazen.

        An zijoazen irurak artzekodunaren billa. Iturritxo baten ondotik igarotzerakoan, esan zien Pernandok bere bi lagunai:

        —Geldi bertan. Ni ementxe geldituko naiz. Zuek biok zoazte, ta nere diruaren zai dagonarengana irixten zeratenean, esan zaiozute: «Pernando gizarajoa! Gurekin zetorren zuri zorra ordaintzera. Izerdi-patsetan, korrika zetorren, eta iturrian ur otza eranda, gaitzen batek artu ta zerraldo gelditu da».

        —Baña gizona...

        —Zuek ori esan zazute, ta gero-gerokoak.

        Esan eta egin. Artzekoduna an zegoan Pernandoren zai.

        —Ara bada —esan zioten Pernandoren bi adiskideak—. Egiñala guzian oneraxe zetorren zor dizun dirua ekartzera. Baña iturritik igarotzean, izarditan zegoala ura eran du, ta plast!... luze-luze erosi da. Azkenekotan dago noski.

        —Gizarajoa!... Ia, ia, goazen, goazen aguzo, ia zer-edo-zer egin dezakegun.

        Pernando an zegoan iturri-ondoan bapo exerita, baña bere artzekoduna zetorrela ikusi zuanean, lurrean luze-luze etzan zan, begiak itxi zituan, eta aoa okertu ere bai... Illa zegoala zirudian.

        Ardiak saldu zizkionak ala ikusi zuanean, kupituta, esan zuan:

        —Makiñabat par eragindako Pernando gizarajoa!... I ere il bear itzan eta il aiz... Jaungoikoak barkatuko al dizkik zorrak, nik barkatu diaten bezela...

        —Barkatzen al diozu zor zizuna?

        —Bai bada, gizarajoari.

        Orduan, bat-batean altxa zan Pernando. Ta ala zion:

        —Zuek testigu e? Zorra barkatzen ditala esan du. Gero ukatzen badu, zuek testigu.

 

aurrekoa hurrengoa