www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa  

AITA LAFITTEK MATTIN BERTSULARIARI

 

        Mattin adixkidea, atsegin handirekin juntatzen naiz goresten zaituzten lagun guziekilan.

        Aspalditik ezagutzen zaitut, eta beti danik estimatzen. Zure bertsulari lehen urratsak ikusi ditut, eta orroit naiz zoin laster trebatu zinen zure lan berri hortan, eta zoin aise berdindu zinituen orduko koblakariak.

        Atsegin hartu ginuen zu eta zure adinekoak agertu zinetenean. Ez dakit kondatu dautzutenetz bertsolaritzak pasatu duen memento txarra. Mende hunen hastapenean, ametsetako euskal literatura baten izenean zenbait euskalzale hasi ziren bertsolarien mesprexatzen, arruntak zirela, izpiritu gabeak, edertasuneri ohartu gabeak. Carmelo Etxegaray batek nahiko zituen gure plazetarik alde bat baztertu.

        Bainan aho-xuri eta moko-fin horien kontra altxatu ziren Gipuzkoan Manuel Lecuona, eta Lapurdin Luis Dassance, bakotxa bere lagunekin. Sustatu zituzten orduko bersulari xaharrak. Hemen gaindi alha ziren Kaltabil, Larralde, Larramendi, Matxin Irabola eta sortu ziren Etxahun Iruri, Ligueix, Jolimont, Ohitx, azken hiru hauk gazterik itzali zitzaizkunak.

        Espainiako eta gero Europako gerlek xahutu zuten bertsolaritza.

        Beharrik Ernandorena etorri zen, eta iratzarri zituen lo zauden bertsolari zenbait eta berri batzu argitarazi. Zu eta Xalbador xitaldi hortakoak zineten, eta eskerrak merezirik, zaudezte zuen lagunekin, zeren haustera zoan bertsolarien gatea berregin, azkartu eta salbatu baituzue. Geroztik bertsolaritza piztun eta aberastu zaiku, bana bertze alde gehienetan. Zueri jarraiki ziren gutartean behin Xanpun eta Esponde, geroxago, Alkat, Mendiburu, Arrosagaray eta abar.

        Bainan zuhaur, Mattin adixkidea, nahi duzu jakin nola ikusten zaitudan? Huna laburzki.

        Duela laurogoi eta hameka urte ikertzale batzuek negurtu zuten orduko bertsularien zalutasuna. Bakar batzu iduritu zitzaizkien ezinago zaluak, zeren noizik behinka 17 zekundaz bururatzen baitzuten 13 silabadun lau-puntuko bertsua.

        Berrikitan norbaitek negurtu ditu zure eman-alde zenbait. Oixtion aipatu dudan bertsua zuk askotan 14 zekundaz botatzen duzu.

        Zalutasun horrek eskatzen ditu hainitz dohain: gogo ernea, begi-kolpe bizia, zirt-zart asmatzeko zer errar eta nola erran; mintzo errexa aho-mihiak trebe, hitzak berehala lerra diten ezpainetara.

        Zure boz eder argiak ere laguntzen zaitu aditzaleen biltzerat, beharriak lilluratzen ditutzula.

        Bainan baduzu bertze jeinurik. Nola ez aipa zure omore ora? Kasik tauletarat agertzea aski duzu jendearen alegeratzeko. Orok badakite jostakina zarela, zirtolaria, ditxoa maite. Bertsulari lagunak atakatzen ditutzu, ez haatik gaixtoki: xistatzen duzu, ez kolpatzen; ximikatzen, ez larrutzen. Trufa polliki derabilazu, bainan gutik egiten dutena, zuk badakizu zure buruaz ere trufatzen, aditzaleen libertitzeko.

        Bai, irria laket duzu; bainan ez zare beti irri-gura. Bihotz beratza duzu. Konprenitzen ditutzu jendeen nahigabe eta penak. Senditzen ditutzu, eta zure bertsutan maiz entzun ditu ateraldi hunkigarrienak, fedeaz, familiaz, haurrez, doluez, sort-herriaz, adixkidez mintzatzen zinenean. Ai, orduan zoin barra hatxemaiten ditutzun zure aditzaleak, zenbaitek nigarra uxter dutelarik.

        Arrazoin horien guzien gatik zaitut gain-gainetik estimatzen, Mattin adixkidea, eta denekin batean goresten. Jainkoak luzaz eman diezazula indar eta osagarri Euskal-herriaren onetan.

 

aurrekoa