www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ALBERT LEON

(1883-1953)

 

        Nola egin nituen Albert Léon euskalzalearen ezagutzak nahi baduzue jakin, huna aintzinsolas gisa.

        1926an Uztaritzeko Semenario berria ideki zenean, jaun apezpikuak horrat ekar-arazi ninduen erakasle gisa. Urriaren erditsutan Saint-Pierre jaun apezpiku beharra etorri zitzaitan aratsalde batez laguntza-keta.

        Ba omen zen Baionako lizean Albert Léon izeneko filosofia erakasle itsu bat euskalzalea. Gizagaixoak asko liburu bazituen Braille idazkeran eginak, bainan bere ikerlanetako beharrenak ez ziren molde hortakoak: orduan norbaitek behar ziozkan irakurtu. Etxekoek irakurtzen ziozkaten frantsesez eta ingelesezkoak, bainan ez haren andreak ez alabek ez zezozken irakur ez euskara, ez alemana, ez espainola. Katedraleko Etcheverria jaun apez elizazainak egiten ziozkan gaztelerazko irakurtzeak, Saint-Pierre kalonjeak aldiz aleman eta euskarazkoak; bainan apezpikuteian bazuen engoitik sobera lan irakur-aldi horieri jarraikitzeko eta galdetzera heldu zitzaitan ea ordezkatzen ahalko nuenetz ortzegun aratsaldetan. Ez nezoken baietz baizik erran euskaralat bildu ninduen jaun maitagarriari eta horra ni Albert Léonen itsu-mutil.

        Ez zitzaitan batere dolutu. Gizon jakintsun eta ohartzalea zen biziki: irakurriak nola ez zituen, adi-arauka, berak argitzen ala berdin jorratzen eneonetan. Bertzalde alegera zen, dena zirto eta oroitzapen jostagarri. Adibidez, Lévy-Bruhl filosofoaz erran zautan behin: «Lévy Brûle mais n'éclaire pas!», hots «erretzen zuela bainan ez argitzen». Itsu baten ahotik hitzak ez zuen grazia eskasik.

        Bertze aldi batez, Schuchardt-en eritzi batzu ilunkara iduritzen baitzaizkon, erran zautan: «segur naiz gizon horrek ez duela bere golkoa hustu eta baduela oraino hainitz erakaspen berri jalgi ez duenik. Fantesiazko artikulu batez kitzikatu gogo dut; bere onetik atera-razten badut, joka nezake miresgarriak jaliko dauzkula». Hala hala aipatzen zautan behar zuela Aita Saindua bortxatu Andre dena Mariaren Erregetza erabakitzerat, liburuxka bat eginez «erregetza» horren kontra.

        Noizetik noizerat gomitatzen ninduen bere etxekoekin bazkaltzerat eta hor ere ez zen tristeziarik. Haren andrea ere kultura handikoa zen eta mihiazpikoa ongi pikatua zioketen.

        Halako batez nausiak galdegin zautan ea Uztaritzen morala erakusten ginuenetz. Nik baietz eta harek berehala:

        — Zuen gazteri erakasten ote zaie politeleia?

        — Politeleia? Barkatu, jauna, hitz hori ez dut ezagutzen.

        — Grekotik ateraia da: erran nahi du, zenbait egiterakoan, hortarako gure xedeen ugaldu eta aberastea. Badakikezu xedek, onak diren ber, gure eginkizun garbiak baliostatzen dituztela. Eman dezagun ikasle bat bere idazlanari buruz: nahi badu lehenik bere eginbidea bete; bigarrenik lan on batez erakasleari plazer egin eta nota eder bat irabazi; hirugarrenik nota hortaz etxekoeri kausitu; laugarrenik lanari esker bere etorkizuna apailatu, gero norbait izaiteko ta gizartearen onetan bizitzeko. Ikusten bide duzu ikasle horrek lan bakar batez, xedeak direla kausa, merezimenduak metatu dituela.

        Andereak irri on batekin erran zion:

        — «Albert! Albert! girixtinotu zinen, bainan judu erro zenbait gelditu zaizkitzu: kapital ttipienaz nahi duzu interes handiena bildu!»

        Albert Léon-ek pollita kausitu zuen emaztearen arraileria eta aintzina solastatu ginen alegeraki bertze gai batzuez.

        Horra nolako giroan iragaiten ziren gure irakur-aldiak.

        1927ko Azaroan itzuli nintzen Tolosarat eta egun batez Albert León etorri zitzaitan Institut Catholique ikas-etxerat, bisitatu nahi zuela hiria eta harritu ninduen bere ohartasun handiaz, karriketan gaindi. Galde egin nion, astia zukenean, zenbait orrialdetan idatz zitzan itsuen psikologiaz zituen eritziak. Ez zauzkitan igorri 1930ean baizik. Ez ditut oraino agor-arazi. Bertze aldi batentzat begiratzen ditut.

        Ordu bide da berezikiago mintza gaitezen Albert Léon euskalzaleaz.

        Bordalen sortu zen 1883an burraso juduetarik. Begietako gaitz batek sei urtetan osoki itsutu zuen: doi doia oroituko da kolore zuria, horia eta ferdea ikusirik.

        Halere lehenik etxekoak ere geroxago emazteak beren buruz axolatu gabe, gostaia gosta lagundu zuten eskola handieneri jarraikitzea, batxiler, lizentziatu, agregatu gradoak gazte-gazterik iragan baitzituen.

        Vendée eskualdeko La-Roche-sur-Yon hiri nagusian, lizeoko filosofia erakasle izendatu zuten. Han eskola egiteaz bertzalde doktoragoa apailatu zuen, bi tesisetan: lehenaren gaia zen: Les éléments cartésiens de la doctrine spinosiste sur les rapports de la pensée et de son objet. Bigarrenarena: Une pastorale basque: Héléne de Constantinople d'aprés des documents inédits avec textes et traduction. 1908an agertu zen lehena, 1909an bigarrena. Bigarrena zaiku hemen aipagarria. Liburu gotor bat da (26-17 cm.), 525 orrialde dauzkana.

        Albert Léon-ek eskerrak diozka J. Vinsoni zeren haren liburuek eman baitiote gai horri lotzeko asmoa: bainan aitor du Hérelle jaunak laguntza handia eman diola. Bertzalde Baxenabartar Bidegain errient batek irakurri diozka Helenari datxizkon eskuz idatzi sei pastoralak.

        Huna nola zatikatua den lan hori:

        Ehun bat orrialdetan aipatuak zaizku pastoralen iturburuak, idazleak, emaileak, emankizunak eta gelditzen diren idatzien berriak.

        Gero Helenaren ipuiaz egin diren bi liburu aipatuak dira: batto olerki moduan XV mendekoa: «Chronique Delaine». Bertzea hitz laxoz egina: «Le Roman de la belle Héléne de Constantinople», XVI mende azkenekoa.

        Bixtan da bi idatzi horiek dakartzatela euskal pastoralek aipatu gertakari gehienak, nahiz xehetasun batzu bertze nonbaitik atera dituzketen, non ez dituzten euskaldunek berek asmatu.

        Gero Albert Léon-ek emaiten du ikertu dituen sei eskuz idatzi pastoralen berri: biga Parisekoak dira; biga Bordalekoak; batto Urdiñarbekoa; bertze bat Baionakoa. Osoena Pariseko n.132 delakoa izanez, haren bidez 76 orrialdez erakusten du nola euskaldunak kondatu duten Helenaren ixtorioa. Bainan segidan salatuak zaizku bertze idazkietan aurkitzen diren berezitasunak: orotarat 1500 berset baino gehiago aurkitzen dira beren frantses itzulpenarekin.

        Azken kapitulu batean ikertua da pastoraletako euskara, bere adizkera zehar eta hitz erdaldunekin; mintzaera eta bertsolaritza ere aztertuak daude beren on-gaitzekin eta askatasun handiarekin.

        Hots, nahiz liburu hau agertuz geroz eta Hérelle hilez geroz pastoralek bide berri batzu hartu dituzten, uste dut irakurtzekoak direla Albert Léon zenaren oharpenak, mende hunen hastapenean antzerki euskaldun ohidurez konturatzeko.

        Hérelle jaunak Baionako lizeoan filosofia erakasten zuen. Irakaskuntza utzi zuen literaturari lotzeko eta orduan haren ordain etorri zen erakasle Albert Léon Baionarat. Memento hortan euskaltzale batzuek eraiki zuten Cercle d'Etudes euskariennes izeneko biltzarño bat. Hor kausitzen tiren Julio de Urquijo, Georges Lacombe, Pierre Broussain, Henri Gavel, Martin Landerretche eta abar. Heietarat bildu ten Albert Léon ere. Hiriart-Urruty kazetalariarekin elaire zen eta euskaraz mintzatzeko aukera guziak bilatzen zituen.

        Gogotik irakur-arazten zituen euskal aldizkariak eta hizkuntzalarien lanak. Berak ere atseginekin idazten zuen euskal gaiez: etimologiak laket zaizkon hala nola gramatika auziak. Historiazalekin bila zabilan noiztik jarriak tiren Euskaldunak orai bizi diren lurraldean, edo nola girixtinotasuna sartu zen heien artera. Hemen gaindiko ohiturez ere zer nahi jakin-nahiz zen.

        Ikus ditazke haren artikulu gehienak agerkari hauietan:

        Bulletin de la S.S.L.A. de Bayonne, 1931, 211, 344-350.

        Congrès de l' Union historique, 1912, 11, 35-52.

        Euskalerriaren Alde, 1911, 174 sq; 207 sq.

        Eusko Jakintza, 1947, I, 121-144

                1948, II, 347-357.

        Gure Herria, 1921, I, 446-461

                1926, VI, 50-56.

                1928. VIII, 142-157; 270-280.

                1929, IX, 561-573.

                1930, X, 33-49.

                1932, XII, 524-536.

        R.I.E.V., 1909, III, p. 468.

                1911, V, 472-493.

                1913, VII, 428-438.

                1925, XVI, 68-73; 343-344.

        Revue Philomatique de Bordeaux

                1906, IX, 385-409.

                1921, XXIV, 62-72.

        Albert Léon hil zen 1953an bere alaba baten etxean, bere 70 urtean.

 

aurrekoa hurrengoa