www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAZPARNEKO ANDEREA

(MOLIERE-TIK MONZON-ERAT)

 

        «Les femmes savantes» komedia Molière-k, 1672an eman zuen bortz zatitan. Huna haren ekeia. Chrysale burjes gaizoaren etxean, emazte guziak emanak dira jakitateari: Philaminte haren andrea, Belise haren arreba eta Armande alaba. Haatik Henriette, haren bigarren alabak ez du gogoan Clitandre-kin ezkontzea baizik. Zorigaitzez Clitandre-k ez du Philamente andereari kausitzeko behar laitekenik: giza-gaizoak erakusten du ez duela emaztetan jakitatekeria batere estimatzen eta dena mespretxu dela etxeko jainkotzat daukaten Trissotin basa-poetarentzat. Behar litake beraz Chrysale aski azkar, arras gogokoa duen suhi horren onhart-arazteko. Bainan Philaminte izigarriko manatzalea da: senharrak ez daki haren aintzinean amor emaiten edo ixiltzen baizik; hanbatenaz nun andreak nahi baitio Henriette Trissotin-i eman. Bizkitartean Chrysale ahulak, Ariste anaia sustengu, zin egiten du noiz nahi, azken mementoan onhart-araziko duela bere hautua. Mementoa heldua da. Philaminte-k ekar-arazten du notaria, eta espos-gaitzat aipatzen dio Trissotin-en izena; Chrysale-k Clitandre-na. «Bi senhar-gai, dio harriturik notariak, hanixki da usaien arabera!» Philaminte nausitzerat loake naski, Aristek ez balu berri txar bat ekartzen: auzi bat galdurik eta bankarrota baten ondorioz, Chrysale tturindua da Trissotine-k orduan agertzen du bere bihotz itsusia: gibelerat egiten du. Beharrik berri txarra ez zen Aristen jukutria baizik: Clitrande eta Henriette ezkontzen dira elgarrekin denen alegrantzia handienean.

 

* * *

 

        Monzonek komedia hortarik nahi izan du antzerki berri bar ratu Eskualdunentzat.

        Arrazoinekin pentsatu du Eskualdunen artean jakin-nahiari askoz nausitzen zaiola handi-nahia edo ohore-gosea. Basa-jakintsuak bazterrerat utzi ditu, eta asmatu du Hazparneko anderea: andere hori ez da segur nor-nahi; moko fier bat bethi bai, bere familiaren ohoreaz ezinago hartua: bere senhar amerikanoaren fortuna ez askiz, handi-mandiarena egin nahi du eta «markisa» tituluaren ondotik dabila, irri-egingarri bilakatu beharrik ere.

        Gogoratu zaio auzoko jauregian bizi den aitoren seme batekin ezkont-arazi behar duela Mayi bere alaba. Hunek nahiago du Ezpeletako miriku gazte pilotari xehe bat: Beñat Elizanburu.

        Panpi, Mayiren aita, abisu bereko da: Elizanburutarren adixkide xaharra ez dea? Moliére-n Chysale-n pare, kitolis gaizo bat da, bere emaztearen menekoa: urrundik ba espantu asko: «hemengo nausia, ni; etxe huntan nik dut manatzen»... bainan gero, etxekoanderearen aintzinean, gizonik ez, ikaran, umil-umila, haren erranerat erortzen...

        Handi-mandien usaiak har-arazi nahi diozka senharrari Hazparneko andereak: behar du ikasi gizonak golfean artzen, zaldiz ihizin ibiltzen... eta segur hemen «Les femmes savantes» ahanzten zaizku, gogorat heldu zaikularik «Le bourgeois gentilhomme» bere erakaslekin burutziarik ezin emanez zapart egingarri. Eta berdin erran ginezoke Gachiune kriketari ez «La précieuse ridicule», bainan xuxenago «La bourgeoise ridicule»...

        Familian badute, azen ontzeko, izeba edo ttantta mutzurdin sintsa bat: Mariana; dena othoitz, dena xaunxunkeria, baizik-eta gizonen bertute feirosari ezin fida daitekela, eta, hasteko, guziak ondotik amoros dituela... Gaizo mentsa! Uste du bai Beñat bai Jauregiko jauna hartaz direla hartuak eta ez Mayiz. Hemen Monzonek norbait berririk pentsatu dauku. Mariana horrek badu Armanden eite, ezkontza mespretxatzen duelarik; Belisen eite; bere burua gizon-bihotz guzien panpalinatzat daukalarik; ba eta naski Tartufen eite, ez baitu beti zin-zinez ar dela iduri! Baditake ezkont-janizak burua nahasi dion mutzurdin gaixoari... ez baitzuen beharragorik...

        Molière-k ez zuen apezik bere komedian. Monzonek biga eman ditu: herriko erretora eta «monseñore» bat. Erretora, frango plantakoa, xehea, zentzuduna, omore onekoa. «Monseñore» delakoa aldiz xanfarin eros-errexa, nehork ez baitaki nundik sortua den Erromatik dirutan truk «markisa» titulu baten ardiesteko... Goitia familiako batentzat!

        Jauregiko aitoren semeak ez du fatxada eskasik: polliki mintzatzen da, mintzaire zerratu batean, bertsu hutsa! perttoli batzuz emokatuz noiz nahi bere solasa: diruari jenderi baino atxikiago dela ez da dudarik, egiten badu ere ontasuneri ez axolatuarena!

        Horiek hola, Hazparneko anderea bere xedeari thematua dago, eta (itxuren arabera) gertakari guziak alde heldu zaizko; senharra ez zaio menturatzen kontrestatzerat; gehiago dena, Pampi gaizoak behin baietaz erran du, Mayi ezkon dadin jauregikoarekin! «Markisa» titulua ere bidean omen da....

        Gaixo Mayi! Gaixo Beñat! Nola jalgi ateka izigarri hortarik? Hor da, beharri, Panpiren anaia, Dominixe zapatain. Hunek ez du Moliére-k asmatu Aristen eite handirik salbu borondate ona. Scapin maltzurraz orhoitarazten gaitu, izaitekotz! Gauzen antolatzaile handia izanen da. Mayik bildu du Aitoren semea osabaren ganat, alegia deus es, eta hunat galde eginen dio diru zerbait presta, baizik-eta anaiaren aferak ez doatzila itxurek erakusterat emaiten duketen bezain ontsa... Jauna, berri hoik aditzean, hozten da diruarengatik nahi zuen Mayi; ez badu fortunarik, fa!

        Eta Erromako paperak Goitia izenarekin ekartzen badio «markisa» titulua, Nikolasa sehiari emaiten dio jaun erretorak, hunek ere Panpik bezala Goitia baitu deitura.

        Ororen buru, Beñat eta Mayi ezkontzen dira eta Hazparneko anderea kontsolatzen da erranez: «Ene semia markisa balinbada, zer naiz ba ni?

 

* * *

 

        Beraz, zerbait eite izana gatik, Molière-n komediatik frango urrun dago Monzonena: han-hemenka entzuten den pastoraleko aireak eta hirugarren zatiko zamalzainek ere mintzairarekin batean eskual usain berezi bat emaiten diote.

        Oro har, irri gehiago egin-arazten du, eta fantesia hainitz badu Molière-n obran etzenik.

        Uste dut komedia berri hunek arrakesta gaitza izanen duela Eskual-herriko teatroetan gaindi.

        Gure goresmenak Monzon jaunari bihotzaren erditik.

 

aurrekoa hurrengoa