www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERNARD GAZTELUZAR OLERKARIA

(1619-1701)

 

        XVII garren mendean, Ziburun Gazteluzar deitu asko familia bazen. Heietarik hiru apez segurik atera ziren, orduko auzi-paperetan aipatzen dituztenak.

        Batto zen Bernard Gazteluzar, gaur poxi bat ezagutarazi nahi ginuken euskaldun poeta.

        Damurik haren bizitzaz berri guti baitakigu. Lapurdi-Ziburun sortu zen 1619ko martxoaren 12an. Jesuistetan sartu 1640an.

        Paben hil, 1701eko apirilaren 15ean.

        1656an predikari eta arima zain kausitzen dugu Baionan: hiri hortarat Jesusen Lagundiko buruzagiek igorri zuten hirur lagunekin, hor behar zutela finkatu Jesuista-etxe berri bat, ikastegi batekin, eskualdean erroak egitekotan.

        Bainan orduko burgeseria, Baionan, jansenisten aldekoa zen osoki, eta ez zuen jesuistarik nahi bere herrian.

        Gazteluzarrek bere lagunekin bilatu zuen hiritik kanpo, bainan auzo-auzoan, uraz haraindiko egoitza eder bat, «Begoigne» erraiten ziotena.

        Ez zuten luzaz gozatuko leku xarmant hori.

        Hor ere Baionako burgesek hurbilegi zauzkaten jesuistak, eta jende xehea berotu zuten, «Begoigne»ko gain hartarat trumilka igan zedin, «fraile madarikatu» horien aizatzeko.

        Oste batek iragan zuen zubi handia, makila eta sardez harmaturik, eta jesuista dohakaberi jazarri, dena oihu eta harramantza. Lau lagunek behar ukan zituzten berehala lekuak hustu. Aita Gazteluzar orroitu zen kaperan zaukaten Sakramendu Sainduaz eta nahi ukan zuen errespetuz eliza baterat ekarri. Gizon batzu ordean lotu zitzaizkon bultzaka eta tiraka, ostia zonbait erortzerainokoan. Bessugue deitu apez baiones batek atera zuen herstura hortarik: hartu zion osti-untzia eskuetarik, eta katedralerat ereman, jendea debotki kantuz jarraikitzen zitzaiola.

        Hori gertatu zen 1657ko maiatzaren lauean. Jesuistek, etsiturik, utzi zuten Baiona, bai eta hiri hortan kokatzeko xedea.

        Aita Bernard Gazteluzarrez bildu ahal ukan dugun gertakari bakarra da, haren liburuaren agertzetik landa.

        1686an Paben agertu ziren haren Eguia Catolicac salvamendu eternalaren eguiteco necessario direnac.

        Liburu horren argitaratzea haizutu baino lehen, Baionako apezpikuak eta jesuisten Guyenne-ko buruzagiek bi euskalduni eman zeeten irakurtzerat: bata zen Baxenabarreko: Aita Basilio Orzaiztar kaputxina; bertzea jesuista: Aita Jakes Oihenart, hain xuxen Amaud d'Oihenart famatuaren semea, beraz Xuberotarra.

        Debozionezko liburu hori ez zen batere bertzeak bezalakoa. Funtsean, huna nola Gazteluzarrek aintzin-solasen aipatzen duen bere lana:

 

        Denbora hautan, hañitzek hañitz liburu eder argira eman tuzte; ezta bada hau, bertzeak baño ederragoa; bañan nola berze gauzetan bezala, debozionean gustu diferentak baitire, iduritu zait hañitz deboten artean, bazuek huntan gustu hartuko dutela, guztiz mariñel debotak; eta, hek printzipalki konsideraturik, deliberatu dut liburu hunen egitera: erranen baitute batzuek, «bizi zenean oroitu zen bere señalleak emanik joan baita», Ezen nola plazer hartzen baitute latiñez Elizako himnoen kantatzeaz (segur naiz) atsegin gehiago izanen dutela beren eskaraz errateaz, aire berean eskaraz eman dut; eta gañerako bertsuen airea komunzki guztiek badakite.

 

        Liburuak badauzka 503 orrialde: 98 orrialde prosa edo hitz-laxoz; 405 neurtitzez.

        Nahiz bere Abisuan Gazteluzarrek ez dituen aipatzen zazpi parte baizik, zortzi baditu:

 

                Lehena: Krixtauaren eginbideak.

                Bigarrena: Jesu-Kristo.

                Hirugarrena: Penitentzia eta Eukaristia.

                Laugarrena: Andre Dena Maria.

                Bortzgarrena: Gizonaren lau azkenak.

                Seigarrena: Patroin sainduak.

                Zazpigarrena: Bizibidez.

                Zortzigarrena: Dotrinaren laburpen bat.

 

        Gai horietaz ohartzearekin, artegatuak zarete beharbada, ea zerbait poesia sor ditakenetz eta lora hazi horietarik.

        Boileau XVII garren mendeko kritikalari frantsesak, nahiz girixtinoa zen, ez zuen uste erlisionea uztar zitakela literaturarekin. Erlisionea sakonegi eta seriosegi zitzaion: literatura aldiz axalegi eta arinegi!

        Bizkitartean Dante Italian, Juan de la Cruz Espainian, Claudel Frantzian, bertzerik ez aipatzeko, lotsarik gabe ari izan dira sineste-gaiez beren olerkien hazten eta aberasten.

        Ez dut neholaz erran nahi gure Gazteluzar «jaunen jaun» horien heinekoa dela, hurbiltzekorik ere. Bainan ez da gutiestekoa, ez balinbada ere orrialde guzietan berdin gora hegaldatzen, eta ez badu beti distira beraz argitzen. Horrek ere alabainan bere aldiak izanki.

        Aitortuko dugu «didaktiko» gisan azaltzen ari zaikularik zer diren sakramenduak, edo meza nola entzun, ez gaituela hanbat kilikatzen, ez eta biziki inarrosten. Bainan ez dago ildo horietan murgildurik, geroxago ikusiko dugun bezala. Halere orroit gaitezen norentzat ari zen bertsutan: ez baitezpada ikasi handientzat, bainan Lapurdiko itsas-arrantzaleentzat: heien menerat ez ote zuen jautsi behar, gero heiekin polliki-polliki zeru alde igaitekotan?

 

 

ITZULPENAK

 

        Oixtion irakurri dugun bere aintzin-solasean, poetak erraiten zaukun elizako himnoak euskaraz itzuli zituela, latinez zituzten aire eta neurri beretan. Egia erran, bederatzi kantika baizik ez ditu antolatu latinezko neurriari jarraikiz.

        Hek dira:

        — Ave, maris stella.

        — Dies irae, dies illa.

        — Lauda, Sion, Salvatorem.

        — O filii et filiae.

        — Pange, lingua, gloriosi.

        — Sacris solemniis.

        — Veni, Creator Spiritus.

        — Verbum supremum prodiens.

        Bertze bederatzi ez dira latinezkoen neurrian moldatuak; beraz ez ditazke kanta beren aire jatorrean, bertze batean baizik.

        Hek dira:

        — Adoro te devote.

        — Deus, tuorum mulitum.

        — Fortem virili pectore.

        — Jesu, corona celsior.

        — Jesu, corona Virginum.

        — Memento, salutis Auctor.

        — O gloriosa Virginum.

        — Salve, Regina.

        — Sub tuum praesidium.

        Bortz kasutan Gazteluzarrek latinezko kobla bakotxa euskarazko kobla bakar batez itzuli du. Hori gertatu zaio Dies irae, Lauda Sion, O filii, Stabat eta Verbum supremum kantuetan. Bertzetan bi euskal-kobla ezarri ditu latinezko bakarraren orde.

        Adibidez, huna Ave, Maris stella-ren lehen bertsua:

 

                Ave, maris stella,

                Dei Mater alma

                Atque semper Virgo,

                Felix coeli porta.

 

        Hitzez-hitz, itzul ginezake hunelaxe: Agur, itsasoko izar, Jainkoaren Ama ona, beti Birjina eta zeruko ate dohatsua.

        Gazteluzarrek bi bertsutara hedatu du bertsu bakarra. Huna nola:

 

                Agur, darotzugu,

                Jainkoaren ama,

                Itsasoko izar,

                Gure erresuma.

 

                Errezibi zazu

                Zeruko gortean

                Guk egiten dugun

                Otoitza lurrean.

 

        Ohartu zarete itzulpen hortan aipatu gabe utziak direla hiru ideia: on (alma), beti Birjina (semper virgo) eta zeruko ate dohatsua (felix coeli porta). Ordainez, poetak bere baitarik eratxiki du «gure erresuma» bigarren koblako ideia guziekin.

        Labur-luzaka horrelaxe jokatuz, itzul-lana errexten bide da; bainan himno xaharrak alde batetik galtzen duena, ez da batere segur bertzetik beti ordaintzen zaiola, nahiz noizik behinka ongi eror dakioken.

        Gure iritzi apalean, itzulpen-mitzulpen horiek ez dira bana-bertze Gazteluzarren poesiarik hoberena.

        Haren jeinu berezia datza izaitez, berak hautatu uste gabeko gai ohargarrietan hai eta bertsugintza oparoan.

        Bi pondu horiek aipatuko ditugu hemendik harat.

        Jakina, irakurriko dauzkitzuet han-hemenka Gazteluzarren neurtitz edo olerki-zati batzu, ene erranen argitzeko: otoi, ez harri entzunen duzuen hizkuntza herrikoiaz. Gure poeta ez zen batere garbizalea: euskarak latinetik hartu hitzek ez zuten den gutiena losatzen. Bere aroko ohidurari bazerraion, gu gurekoari bezala.

 

 

APARTEKO GAIAK

 

        Jesu-Kristoz mintzo zaikun kapituluaren asiera edo hastapenak iduri du epopeia klasiko baten abiadura.

        Orroit zarete Iliadan irakurturik:

 

                Ménin aiede, thea, Pélêiadeó Achilêos

                Jainkosa, kanta-zazu Achileus Pele-ren semearen haserrea.

 

                Odüzeian:

                Andra moi ennepe, Mousa, polytropon

                Musa, aipa zadazu gizon bihurria.

 

                Eneidan:

                Musa, mihi causas memoria...

                Musa, emazkidatzu gogora gertakari hauien hastapenak.

 

        Halaber Gazteluzar ere musaz orroitzen da olerkiari lotzerakoan. Bainan musa profanoa urruntzen du toka, zerukoari zuka dei egiten diolarik.

        Huna pasarte famatu hori:

 

                Urrun adi, Parnaseko Musa zahar profanoa;

                Eta zu, zato, zeruko Musa berri dibinoa.

 

                Jesu-kristo gure Jauna ekar bezate bihotzek;

                Iturriek Ur Saindua; Fruitu bizia haritzek.

 

                Adio, Febus; hire etxe, hire itsaso guztia

                Ez zarete aski, hiltzeko ene egarri handia.

 

                Errazu, zeruko Musa, nola erdi den Birjina,

                Nola duen Iainko haurrak izatu lehen eguna.

 

                Errazu nola egiñ den gizon, zeruko Jainkoa

                Eta nola Iainko egiñ, gizon gu bezalakoa.

 

                Nola Dabiden kastatik gizon egiñ den munduan

                Egundaiñotik Iongoiko izatu zena zeruan.

 

        Holako sarbide guti dateke debozionezko liburuetan.

        Artetik erran dezadan, norbaitek aditzera eman du Gazteluzarren liburua mitologia paganoz emokatua zela. Uste ukaiteko da jaun horrek ez duela ordu hainitz higatu Eguia Catholicac irakurtzen. Bertzenaz ohartuko zen Febus eta musa profanoa ez direla agertzen oixtiko pasartean baizik, eta badakizue nola diren bixtatik aurdikiak.

 

 

APARTEKO GAIAK

 

        Bainan, hastapen hortaz bertzalde, bada liburuan nun zertaz harri.

        107garren plaman konparazione, Jesusen errenkurak establian aipatuak direlarik, sortu berriak, olerkari erromantiko bilakatu balitz bezala, oihu egiten deie Betlemeko harpeari eta arkaitzeri, heien eztitasuna goretsiz, gizonen bihotz idorrez denbora berean pleinituz.

        112garrenean Ama Birjinak Jesus bere haurra agurtzen du; bainan bere egoera bereziaz durduzatua, dudamudetan dago, ea haizu zaionez zeruko Nausiaren bere bularrari kontra tinkatzea; ea sehaska batean ezarri behar duen ala aldare baten gainean; ea eskaini behar dion insensua ala ditia...

        114garrenean, Gazteluzarrek nahi du adiarazi Andre dena Mariaren graziazko zoramena eta nola alegrantzia hortan bazter guziak itxur-aldatuak agertzen zaizkon.

        126garrenean, horra artzain-artzaintsak harpe saindurat etorriak. Artzaintsek nahi dute Bildots dibinoaren ganat hurbildu haren adoratzeko; bainan kilo gisa haren kurutzea gerrikoan sartzen dute haren ilea irun beharrez eta hartzen dituzte haren itzeak ardatzen orde, haren grazia liho berritzat baliaturen zaielako esperantzarekin...

        159garrenean, entzuten dugu Madalenaren auhenaldia, Jesusen gorputz hilaren aintzinean flakatzerat doalarik.

        185garrenean, bekatorea da mintzo, Jainkoaren hasarreaz balditua.

        269garrenean, Ama Birjina azken hatsetan, agoniako tortxoa eskuan, hamazazpigarren mendeko ohiduren arabera. 297garrenean, elgarren ondoan aipatuak dira salbagarri gisa Jesusen odol preziatua eta Ama Birjinaren esne sakratua.

        Gizonaren lau azkenen kapitulu luzean (pp. 316-410) bertze munduaz, zonbat bertsu lazgarri!

        Aldiz 266garren plaman zer hitz ezriak Ama Birjina Jesus haurrarekin erakusten duen erretaula baten aintzinean.

        317garrenean hiltzen ari den gizon batentzat otoitz durduzagarria.

        295garrenean, auzi bat uste gabekoa: «ala den ederrago Jesus haur bezala bere amaren besoetan, ala gizon bezala Aita Eternalak landatu gurutzean».

        105garrenean bekatoreari galdatzen zaio planta dadin Betlemeko harpearen eta Galbarioko gurutzearen artean.

        370garrenean, aitoren seme batek amodioz emaiten du azken hatsa, Leku sainduen bisita egin ondoan.

        431garrenean, nola ez mirets Frantses Xabieren azken orduak, Sanzian-en, Xinari buruz itzulia, sukar-ametsetarik ere arimen salbatzeaz orroitua!

        Zazpigarren kapituluan badira gogoeta saindu andana bat asko jende-motaz: erretor, apez, ezkongai, kargudun, aitoren seme, ihiztari, soldado, mediku, erakasle, tratulant, itsasturi, aberats, erromes, laborari, artzain, langile, espos, burraso, gazte, xahar. Gazteluzarrek badaki nortaz zer erran, itzuli-mitzuli maneratsu zonbait gora-behera.

        Huna zonbait olerki, irakurleak ikus ahal dezan nolakoa zen gure jesuistaren jeinua.

 

 

                AITOREN SEMEA

 

                Zer progotxatuko zaizkigu ohore superbioak?

                Zer ponpak, faza, urre, plazer, eta zer palazioak?

 

                Tresor horien klartasunek begiak tie argitzen

                Eta bihotzak xarmaturik bana-loriez iluntzen.

 

                Zer progotxa ahal dakiket printze guztien gloria?

                Hirien, eta Probinzien diru-errenta handia?

 

                Zer handiasun ahal duket irabazteaz Mundua?

                Eta jaun puxant izateaz, baldiñ ezpadut Zerua?

 

                Zer popluen ikaratzeaz armaden arrabos-pean!

                Guztiei lege egiteaz lurrean eta urean?

 

                Zer izanen dut, emateaz milla jende burdinetan!

                Baldiñ esklabo behar banaiz ifemuko zepoetan?

 

                Handi guztien Erregea, munduko Buruzagia!

                Ah! inspira diezadazu humilitate handia!

 

                Inspira on faltsoen herra, plazer hatsen desplazera.

                Egiazko aberastasun eta plazeren desira!

 

 

                IHIZTARIA

 

                O Salbatzaille dibinoa, indazu zure grazia;

                Ene sarea bete zazu, bete ene ihizia.

 

                Ez utz munduko saretan sartzera ene bihotza

                Eta ez haren plazeretan galtzera ene gorputza.

 

                Ez nazazula abandona mundu hunen oihanean,

                Hemen nabilla ihizian animalien ondoan.

 

                Ez dut antsia zer atzeman, otsoa edo orkatza,

                Asko dut, zuk hartzen baduzu fiñean ene bihotza.

 

 

                DOKTORA

 

                Ah! ez segur, eztiat maite doktrina urguillutsua;

                Fazatia duk; eta jende itsuen gida itsua!

 

                Nik maite dudan doktrina duk itsuen argitzaillea,

                Faltsokeriak kasaturik, makurren xuxentzaillea.

 

                Jesus adora, Jesus maita; maita gurutzeko pena;

                Ene gloria horra zer den eta zer ene doktrina.

 

                Doktor egiñik, gurutzetik ziarokuk predikatzen;

                Lege saindu huntaz giaitik galbarian eskolatzen.

 

 

                MERKATARIA

 

                Munduan orai hari gaituk xuxentzen eman-hartuak;

                Huna kontuen egiteko plumak eta libruak.

 

                Irakurtzen hari nauk beti, eta beti eskribatzen;

                helas! ordean har-emanik, nik ez, zerukotz kausitzen!

 

                Hañitz aldiz egiña gatik hañitz biaia handizki,

                Eta egiña gatik hañitz sal-erosi dohatsuki.

 

                Milla on doblatua gatik, izana gatik mundua,

                gauza guztiak galdu tiat, baldin ezpadut zerua.

 

                Adoratzen zaitut humilki, Jesus merkatari ona,

                Arren beira diezadazu zuk erosi Ontasuna.

 

                Zure odola izatu da hura erosi duena;

                Nori sal ote niozoke hainbertze gusta zaitzuna.

 

                Helas, urrun diezadazu bekatuaren kutsua,

                Abarizia, inbidia, injustizia itsua!

 

                Zer ere guri baitaroku presentatuko munduak,

                Galtzetik begira tugula zeruan tugun tronuak.

 

                Perla hura guk erosteko ematzigun on guztiak

                Guztiak ere eztituk deus izana gatik handiak.

 

                Ezen huna nola ditudan zeruko onak sinesten;

                Emana gatik nahi dena, merke direla erosten.

 

 

                BIRJINA AMA MARIA BERE

                JESUS HAURRAREKIN

                ERRETAULA BATEAN PINTATUA

 

                Ikusten duken haurtxo hau duk gizona eta Jainkoa!

                Eta haurtxo hunen Ama hau Erregiña zerukoa:

                Posible da beraz munduan ikustea pinturarik

                Pintura handi hau den baño handiago daitekenik?

 

                Erregiña Birjina hau duk munduaren ilargia,

                Eta Jainko gizon haur hau duk munduaren iguzkia:

                Posible da beraz munduan ikustea figurarik

                Figura argi hau den baño argiago daitekenik?

 

                Birjina Ama Andre hau duk arrosa bezain ederra.

                Haurrak, lilia bezain xuri, iduritzen dik izarra:

                Munduan beraz posible da ediretea gauzarik

                Gauza dohatsu hau den baño dohatsuago daitenik?

 

                Birjina Amak ziadukak besoetan bere haurra;

                Elurra zirudik Birjinak, Haurrak zidurik elurra!

                Posible da beraz munduan ikustea pinturarik

                Pintura xuri hau den baño xurago daitekenik?

 

                Haur hunek tik ihortziriak erabiltzen hedoietan;

                Dostetan hau bera hari duk Ama baten bularretan:

                Munduan beraz posible da ikustea espanturik

                Espantu eder hau den baño ederrago daitekenik...

 

                Ama humil bat duk Birjina, Jainkoaren gidaria

                Amari Jainkoak ekartzen ziok obedientzia:

                Posible da beraz munduan ahal daiten pinturarik

                Pintura eme hau den baño emeago daitekenik?

 

                Eznerik baizen eztuk Haurra, guztia ezti-eztia;

                Ama ere haurraren gisa ezti-eztia guztia.

                O Jainko ona! Posible da pentsatzea figurarik,

                figura ezti hau den baño eztiago daitekenik?

 

                Haur hau ber bera izatu duk guztien Salbatzaillea;

                Birjina haurtxo hunen ama gure ungi-egillea:

                Jendeak, posible da beraz ediretea molderik,

                Molde glorios hau den baño gloriosago daitenik?

 

 

                SAINT BERNARD ABADEA

 

                Saindu debota; eta saindu, Jainkoa maite duzuna,

                Bemard, Lurreko aingerua, edo Lurreko gizona.

 

                Zuri zarozkitzun Jesusen Ama Birjina handiak

                Hustu bere bularretako iturri ezne eztiak.

 

                Erregiña hark berak zuri egin zarotzun grazia,

                Idozkitzera emateko ahoa betez, egia.

 

                O saindua; ala zuk izan indar handia zeruan!

                Etziñen bada tipiago hil baiño lehen munduan!

 

                Zuri zarozkitzun prestatu Jainkoak indar handiak;

                Garaitzeko agertzen ziren ifernuko heresiak.

 

                Oraiño zuri zarozkitzun isuri bere argiak,

                Guri ezagut-araztekotz munduaren tronperiak.

 

                Mundu gaixtoak armatzen tu bere dituen puxantzak;

                Gure arimak xarmatzeko, eta galtzeko gorputzak.

 

                Bañan guztiarekiñ ere nausi zaitu ezagutzen;

                Eta hala guztietan du nahia konplitzen.

 

                Zuri dagotzu bozkarioz prelat guztien balderna;

                Zuri Erroma, munduan den hirink printzipalena.

 

                Munduak ere deitzen zaitu egiaren sustengua;

                Eta zientzia handien urrezko iturburua.

 

                O Saint Bernard bitoriosa, arren, nazazu fabora;

                Zure erramu triunfantez, otoi, nazazu ohora!

 

                Horra nola etsaiak diren ene kontra preparatzen

                Eta nola darozkidaten flexak usu aurtikitzen.

 

                Zurekin esparantza dut hemen triunfa handia,

                Gero zeruan izatekotz Jainkoa ganik gloria.

 

                Bitartean zuri darotzut ofritzen ene bihotza!

                Ene bihotz guztiarekiñ halaber ene gorputza.

 

                Trofea bat nahi darotzut egiñ zure izenean;

                Zuk bezala izena duen presunaren bihotzean.

 

 

                SAINT FRANZES XABIER

                INDIETAKO APOSTOLUA

                SANZIANGO IRLAN...

 

                Sanzian deitzen den irla da eremu urrun batean.

                Leku arroka billuziez eta hareaz betean.

 

                Kantongo hiri famatua dakusa alde batetik;

                Halaber itsaso zabala dakusa bertze aldetik.

 

                Saint Xabier apostolua harat etorri zenean,

                Huna zer erran zuen hiltzerako orenean.

 

                «Fiñean bizi izatu naiz! Ahalkearen handia!

                Deusik egiñ gabe joan baitzait ene bizitze guztia!

 

                Bagadek oraino burua ebaki balerotate!

                Edo Fiirandeko jendek sutan erre banindute!

 

                Idukak, iduk, Herioa, hire ezpata zorrotza;

                Egozten dik Xinak lurrera bere murailla bortitza!

 

                Bañan non naiz? edo zer diot? zer kutales biluzia!

                Zer diot gate, presondegi? Zer burreu? Zer su bizia?

 

                Hunelako heriotzea eztuk jende guztientzat.

                Bainan geraut, fama handi eta martir noblentzat.

 

                Laxo bati ezpaitarozkit ofrituko herioak

                Sainduek merezi dituzten zeptroak eta koroak.

 

                Bañan kutalesak ezpadu ene odola isurtzen:

                Eta ezpadu su handiak ene gorputza erretzen,

 

                Ezperen Barbaroen irlek hilik naute ikusiko,

                Paubreziak eta elurrak martir naute kausituko.

 

                Jainkoa banu predikatzen presondegian sarturik,

                Libra nezake zenbait gizon deabruen gatetarik.

 

                .....................................................................

 

                Jaiki behar dut; kitatu nau jadanik ene sukarrak.

                Huna Xina: «idekitzen tu bere Portale ederrak».

 

                Bañan ago, Franzes Xabier: lurrik asko duk kurritu;

                Geldi adi, gargero geldi: urik asko duk pasatu.

 

                Hire begira ziaudezek sainduak hiri sainduan;

                Hire begira Jainko Jauna aingeruekin zeruan.

 

                Jadanik higuindu zitzaion bere xarmekin mundua;

                Jainkoa ardiatsi nahiz desira zuen zerua.

 

                — «Ikus-azu ene eskuiña, o ene kreatzaillea!

                Zure gurutze saindua dut guztien salbatzaillea!

 

                Faltak garbi diezadatzu zure odol zurrutetan.

                Dolu dut: Jesus, har nazazu zure izar ederretan».

 

                .....................................................................

 

                Horra nola ilki zitzaion gorputz eritik arima;

                Eta nola ediren zuen Jainkoaren erresuma.

 

aurrekoa hurrengoa