www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

MICHEL ELISSAMBURU

(Frère Innocentius, 1826-1895)

 

        Orok J.-B. Elissamburu ezagutzen dute, kantu pollit batzuen egilea. Bainan Elissamburu-tarretan ez da izan eskualdun izar hakarra. Bertze biga segurik aipa ditazke, bat guarda, bertzea frailea. Denen arbaso xaharra, Baigorriarra.

 

* * *

 

        Egun bi hitz nahi ginituzke hemen ezarri Michel Elissamburu, ez balitz ere erakusteko baizik, eskolemaile zonbaitek ez dutela eskuara hastio izan.

        Michel hori, Jean-Baptiste famatuaren kusia zen, aita guarda baten semea, Heletan sortua, 1826ean. Herri hortan bataiatu eta kominiatua, Hiribururat joan zen geroxago, aitak harat ukan zuelarik izendazione berria.

        Salle-tar fraile erakaslek bazuten orduan Baionan ikastegi bat, orai Dames de France deitu magasin haundiaren lekuan. Gure Michel horrat bazoan egun guziez, eta eskolemailek laster hauteman zuten mutiko ernea zela, bai adimenduz, bai borondatez.

        Aitamek nahiko zuten goragoko eskola batzuetara pusatu, bainan frailetzeko deia aditua zuen Michelek, eta hemezortzi urthetan, 1844eko uztailaren 15ean Tolosako fraile-gaien moldaetxerat egin zuen sartzea. Urthe egin zuen othoitz-lanetan, eta gero eginarazi ziozkaten errient-eskolak. Etsaminak ederki pusatu-eta, Akizerat igorri zuten eskol-emaile, han egin baitzituen bere lehen irakasle-urhatsak.

        Orduan Frailek ikastegi bat bazuten jadanik Hazparnen. Mementoko buruzagia ona zen eta estimatua, bainan ez zakien eskuara izpirik ere, eta gogoan hartua zuen ez zitakela ikas. Etsian etsi, jendekilakoa mintzaire-eskasez ez aski ontsa egin beldurrez, fraile-nausiak galde egin zuen bertze norapeit igor zezaten, eta eskualdun bat eman haren ordain.

        Michel Elissamburuk fraile kondu Frère Innocentius hartu zuen izena eta hemendik goiti horrela deituko dugu.

        Beraz ez zen guti harritu Frère Innocentius 1848an, bere buruzagiek Hazparnerat izendatu zutelarik, 22 urthetan, ikastegiaren kudeatzeko.

 

* * *

 

        Hazparnen 47 urthe egon beharra zen. Luzaz iraun du herri hortan haren orhoitzapenak.

        Erakasle jarraikia zen bere lanari. Goizean goizik jeikitzen zen, lauak eta erdietan. Othoitz egile gaitza zen, eta bertzalde liburu miatzale kartsua. Jakintsuna zelako fama ere bazuen.

        Haren larderia aipatzen zuten bazterretan, eta gehienek zioten izigarri gogorra zela: haurrak garrazki bazerabilzkan, goien-barren so eginez, laidoka, pasoka, azote ukaldika. Ez batere gaixtakeriaz, bainan iduri baitzitzaion gizonaren naturaleza ez ditakela hez bortxaka baizik.

        Gaixo naturaleza ezinago partida zuen, ez bakarrik bertzetan (hori aise da), bainan bere baithan: bere burua haurrak baino biziki idorkiago zehatzen eta gaztigatzen zuen; lizifrinaz bere ganberan azotaten zituen bere soin-sorbaldak, eta burdinezko gerrikoa bazeraman larruarras.

        Orduko sainduen manerak ziren horiek oro, orai nekez onhar ginezazkenak.

        Eta denboran berean Frère Innocentius dena bihotz zen, dena maina erientzat, dena emaitza behardunentzat, eta dena othoitz denentzat.

        Erraiten ohi omen zuen: «gaztigatzen ez dakienak ez daki zer den maitatzea: amodioz gaztiga ditzagun maitagarriago egin nahi ditugun adixkideak».

        «Segur, zion laborari batek, gaztena ona da, bainan karloa sistaduna!»                Eskuaraz bortz liburu ager-arazi zituen: Framazonak (1889), Lehenagoko eskualdunak zer ziren (1889), Frantziako bigarren eta hirugarren errepublikaren ixtoria bitxia (1891), Joanes Batista dohatsuaren bizia (1891) eta Sakelako liburuxka (1892), hau elizako liburu ttipi bat.

        Frère Elissamburuk egun guzietako eskuara zerabilan; ez zuen hanbat aphaintzen; ahotik bezala ateratzen zitzaion lumatik, bero-beroa, bere hats eta elder-ziliportekin. Grazia guti zuen bainan zer indarra!

        Gaztigatzeko karrari behar balinbazaio behatu amodioaren negurtzeko, hitz dautzuet maitexko zituzkela framazonak eta errepublikanoak: zangopean derabilzka, lehertzen ditu, hil-eta ere trufatzen eta musikatzen, erkaitza eta mesprexua merke...

        Uste omen zuen alde batetik eskualdunak urruntzen zituela gisa hortan etsai lanjerosen ganik; eta etsaien beren onetan ari zela, hein batean heien gaizkiak marrusketaz karrakatuz eta ahulduz.

        Eskualdun xaharren berriak ez dira hain bizi eta bolboratsu; bainan ez daukute den gutienik aintzineko mendetarat itzultzeko tirriarik phizten.

        Joanes Batista Salakoa polliki aipatzen dauku, bainan ez dakit nundik atera duen eskualdun odoleko zela!

        Liburuez bertzalde Frère Innocentiusek bertsu batzu egin zituen, ez bakarrik bere elizako liburuan ezarri kantikak, bainan bertze zonbait ere. Hain xuxen eskuratu zaizku hiru kantu beren musikarekin «Herrian» ager-araziko ditugunak. Hiruak 1891koak dira: Toxa, Zintha gorria eta Ameriketara.

        Frère Innocentius 1895ean hil zen. Erran dute «Eskualdunean» agertu zela artikulu bat errepublikano batek egina, hitz buru hunekin: «Bat gutiago». Ez da batere egia. Hiriart Urrutik ederki goretsi zuen Eskualduna astekarian, eta haren obretan ager-araziko baitugu haren artikulu ederra, aski segurik ageriko da.

        Bertze kazeta baten ezarri zutenetz deus holakorik, ez dakigu: ez litake mirakulu; ez zuten orduan kazetek nehoren errespeturik.

 

aurrekoa hurrengoa