www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

HARRI ETA HERRI

 

        Gabriel Arestiren liburu berri baten titulua da. Badauzka nahas-mahas koblak, bertsoak, ditxoak eta poemak.

        Bilduma horrek 1963an izan zuen Tolosan xapeldun saria. Eskuarazko poesia badakar; eman bisian-bis espainolezko itzulpenarekin ageri-arazi dute, erdaldunek ere ikus dezaten erran ditakela eskuaraz gauza baliosik... edo bertzerik.

        Gutartean erraiteko, itzulpenak ez du hurbiltzekorik ere Arestiren eskuararen gatzik.

        Eskuara hori errexa da, eta lapurtarrek aise konpreni dezaketena, kultura poxi bat baduten ber.

        Ezen Arestik, ez jakinarena egiten duenean ere, ez du deus ere ohargabetarik atheratzen; badu bethi zerbait gibel-asmu, eta alegia deus-ez inharrosten ditu bazterrak.

        Ez da, ene iduriko, gazte buru-guri batzuen xuxentzale izanen: badira alabainan josteta batzu, arrafarta batzu, gizon heldu eta tarrotuentzat gibelondorik gabeak daudenak, baitakite atheraldietan zer har eta zer hutz! Bertzalde larrua egin dute, erran badezaket; eta gazte bati karramixka egin dezaken elhorri-xixtak ez diote heieri pereka baizik egiten.

        Arestiren poema gehienak ezin kantatuak dira; ez dute punturik, ez neurririk: bainan badute hats berezi bat, eta poesia arras berri bat badariote.

        Poesia horrek ez du hanbat bilatzen ez xori, ez lili, ez izarrik, nun ez den irri erkatx batekin; bainan munduari bazterretik behatuz, ikusten diozkan makurguneak erdi-trufaka altxatzen ditu, ez baita beti aise jakitea noiz den serioski mintzo!

        Ez da erraiteko baizik bide berri bati abiatua dela eskual poesia ere, eta hartze duela zaharren ganik, gazteeen ganik bezala, agur handi bat.

 

aurrekoa hurrengoa