www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERNAT ETXAPAREKOA

 

        ESKUARAZ eginik ezagutzen dugun libururik zaharrena, Eiheralarreko erretor batek egina zuen eta agertu zen Bordalen 1545ean. Aphez garaztar hortaz biziki gauza guti dakigu, ororen buruan. Berak bere izen-deiturak ez zituen bethi berdin izkiriatzen: behin irakurtzen dugu «Bernard Dechepare», gero berriz Bernat Echeparecoa» eta «Bernat Echapare». Noiz sortu zitaken eta noiz hil, orai arte ezin dugu jakin.

        Haatik Jose Maria Huartek Nafarroako paper zaharretan kausitu du, 1518 garren urtera gabe aphez hori Donibane Garaziko bikario jeneral zela, eta buruzagiek goresten zituztela bai haren bertuteak, bai haren dohain handiak.

        Bainan Eiheralarren bizi zen eta hortik gidatzen zuen Garaziko eskualdea, elizako ekaietan.

 

* * *

 

        Haren liburua, oixtion erran bezala, agertu zen hamaseigarren mende erditsutan, Bordaleko Lehet abokat jeneralak athera-razirik. Lehet hori eskualduna zen ethorkiz, itxuren arabera Sarako Lehetekoa.

        Liburuari titulua latinez emana zitzaion: Linguae Vasconum Primitiae, hots, «Eskualdunen mintzaiaren hastapenak».

        Antzin-solasean Etxaparek dio eskuarak ere bertze mintzairek bezala baduela aski kalipu liburutan agertzeko, eta behin abiatzeraz geroz eginen duela bide. Orai arte azkenetarik baitzen, ilunbean gordea, nork jakin ez denetz gaur goiti lehenetarik argitarat jaliko?

        Hots, gure aphez garaztarrak ez zuen herabe izpirik.

        Esperantza ere zuen haren liburuxka berriak emanen ziotela Eskualduneri bai gauza seriosen, bai eta bertze batzuen eskuaraz aipatzeko gogoa eta gostua.

 

* * *

 

        Izaitez, 52 plama badauzka liburuak, 1159 neurthitzekin.

        Hiru sail erlisioneari doazko: arras seriosak dira, jakitate sendoz orhatuak: Ama Birjinari dagozkion bertsuak ederrenetarik eta hunkigarrienetarik dira.

        Bainan horra nun segidan hameka amodiozko kantu heldu diren, zonbait frango ausartak, denbora heietako modan, jendea orduan orai baino arruntago baitzen, edo bederen solasetan egungoegunean ez bezain kilika eta minbera. Haatik ez du den gutienik emaztea erdainatzen, gora dauka haren ohorea.

        Gero irakur ditake Mossen Bernat Etchaparere cantuya. Hemen bertsularia pleini da etsaiek bildu dutela Biarnorat eta han preso altxarazi. Haren erranetarik ez da ezagun ez zoin ziren etsai horiek, ez zergatik preso eman zuten.

        Huartek bildu paperetik iduri du Etchepare apheza politikan ez zela Jean II Nafartar erregearen alde: Nafarroan sartu espainolen alderdia bazaukan, eta alderdi huntakoek ezar-arazi zuten Garaziko bikario jeneral, Mendicoagaren orde.

        Hortik egin da opinionea Jean II.garrenak mendekioz preso eman zukeela Pauen. Bainan ez da hortaz den mendreneko frogarik: ez dakigu ez nungo presondegian zen, ez eta zoin arrazoinez edo estakuruz ezarri zuten itzalean.

        Kantu borren ondotik bi dantza-airetan bi bertsu-aldi emanak dira eskuararen eta Garaziren ohoretan:

 

                Heuscara, Heuscara,

                ialgui adi campora!

 

        Echeparen liburu horrek izan zuen bigarren edizione bat Rouen-eko Adrien Morront baitan.

        Orai berriki arte ez ginakien holakorik: Oihenarten paper batzuetan ikasi dugu, ez du hain aspaldi. Haatik ezin erran XVI garren mende azkenean jali zenetz Rouen-eko liburua, ala XVII garren hastetsuan.

        Geroztik, galdu da liburua, eta Parisen ez da xahar bakar bat baizik, mirakuluz bezala salbatua.

        Hartarik edizione berriak egin dituzte, 1847an, 1874an, 1893an, 1933an eta 1966an.

        Jakintsun handi hainitzek ixtudiatzen dute Echepareren liburua, zonbaitek hor den eskuararen gatik, bertzek haren poesiaren amodioz.

 

aurrekoa hurrengoa