www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

PIERRE-GUILLAUME DE LA VIEUXVILLE

(1682-1734)

 

        P.-G. de La Vieuxville aitonen semetarik zen. Arbasoetan izan zituen Markes, Duke eta Pareak Frantziako erregeen aholkatzale eta zerbitzari. Bera ez zen batere ohoregose. Elizari osoki emana zen, Aita Sainduaren osoki meneko.

        Fleury Kardinale minixtroak Baionako apezpikutzat hautatu zuelarik, La Vieuxville jauna Nantes-ko kalonjeen buru zagon, 1728eko Martxoan. Parisen sagaratu zuten ondoko Aboztuaren hogoian. Ez zen Baionarat etorri 1729eko Ekainean baizik.

        Anartean bilatu zituen tokatzen zitzazkon diosesako berriak. Ez ziren hoberenetarik.

        Druilhet apezpiku zenak hogoi urte iragan zituen Baionako elizaren buru. Gizon bihotz onekoa zen, otoitzekoa, fede sainduz betea, bainan jansenisten izurriak kotsatua zuen eta ez zuen gemenik aski, ez bere buruaren xuxentzeko, ez bere meneko apezen bide onean gidatzeko. Gisa hortan baziren bai hirian bai eskualdean bereziki kalonje, fraile eta erretor zaharretan apez moltzo bat Alesandro zazpigarrenaren sineste-araua ez onhartu nahiz, Eliz-Biltzar nagusi bati hel egiten ziotenak eta Unigenitus buldari beren izena eman nahi ez zutenak.

        Baionara gabe, apezpiku berriak, arartekoz, entseatu nahi ukan zuen bere apez guzien bide onerat biltzerat. Gehienak jarraiki zitzaizkon, bereziki apez xehe eta errentadun xumeak. Kalonje eta kargudunetan hainitzek eza erran gabe gerorat luzatu zuen beren ihardespena.

        Apezpikua diosesan sartu bezain sarri, ibili zan herriz-herri apeztegiz apeztegi, berak bere begiz gauzen eta jendeen berri biltzeko. Ohartu zen apez askoren ez jakinaz eta Katixima eskasaz. Gai ez zireneri debekatu zeien kofesatzea, predikatzea eta haurren eskolatzea.

        Buru gogor batzu gutun zigilatuz (lettres de cachet) urrun-arazi zituen Euskal-herritik. Ordutik gogoan hartu zuen bi Katixima berri ager-araziko zituela, bata girixtino argituentzat, bertze arruntentzat, bai frantsesez, bai euskaraz.

        1733an argitarat eman zen euskaraz Baionako Diocesaco Bigarren Catichima = 467 orrialde; 1) Apezpikuaren manamendua; 2) Erakasleeri zenbait ohar; 4) 28 kapitulu; 5) letaniak; 6) meza laguntzeko modua.

        Nork itzuli ote du Katixima hori frantsesetik euskarala?

        Bere Bibliografian Jon Bilbaok aipatzen du Gratien de Harozteguy (Vol. IV, 213). Ez du haatik erraiten nundik jakin duen berri hori.

        Dubarat eta Daranatzen Recherches sur la Ville eta sur l'Eglise de Bayonne, tome II, Bayonne-Pau 1924, izen hori aurkitzen da lau aldiz (590, 591, 617 eta 618 orrialdetan, Sarako apezek Axularren egunetarik haste, Baionako kalonjekin ukan zituzten diru-auzien karietara.

        Hor agertzen zaiku Gratien de Harozteguy Sarako erretor bat, «docteur en théologie» tituluarekin: La Vieuxville eta biak baketiartzat emanak zaizku eta ez batere soskaritzat. Onez onean nahi dituzte gauzak antolatu. Bainan ez du liburu hortan katiximarik aipu.

        Aldiz, Pierre Haristoyen Les Paroisses du Pays Basque pendant la période révolutionnaire (tome I, p. 239) gehixago argitzen gaituzte. Sarako erretoren zerrenda, hauxe irakur daiteke, frantsesez:

        «1729-1752, Gratien de Harosteguy, né vers 1695, gradué, nommé curé de Sare en Mars 1729, trés estimé de son Evêque. On croit qu'il est le traducteur du Grand Catéchisme de La Vieuxville, rendu en trés beau basque de Sare».

        Haristoyek ez du erraiten hola dela, bainan hala uste dutela baizik. Ez du lekukorik aipatzen.

        Jakingarri liteke ea Ion Bilbaok bertze iturbururik aurkitu duen.

        Ez dugu zilatu ahal izan ea Gratien de Haroztegui hori Jean Haroztegui Axularren anaiaren ahaidegotik zenetz, ez eta sortzez Saratarrak zirenetz.

        Badela oraino ikasteko hainiz.

 

* * *

 

        Zer nahi den, César Duvoisin apezak dion bezala (Vie de M. Daguerre, 1861, p. 108): «ce double catéchisme manquait dans le pays, et il a rendu un fort grand service pendant prés d'un siècle entier». Hots, Lapurdi bi katixima horien beharretan zen eta laguntza handia egin dute kasik mende oso batez.

        1814ean edo 1815ean, Akizeko Katixima sartu zen euskaraz Baionako diosesa berrian.

        Eta Mgr. d'Astrosena, 1823an.

 

aurrekoa hurrengoa