www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

MANUEL LECUONA ESKUALZALE

 

        Aditzale maite hoieri, agur!

        Hastera noan lanari lotzeko, bazitazken zuen anean hameka eta hogoi-ta bortz baino gehiago ere, mintzatzaile hau baino egokiagorik. Bainan nahi-izan duzue Bidasoz haraindiko norbait ager zadin apez-bilkura huntan, Eskual-herri guziak gorets zezan Manuel Lecuona, Eskual-herriko apez guzien ohorea delakotz.

        Atsegin zait karia hortarat zuen artean aurkitzea.

        Duela hogoi-ta-hamabi une, Lapurdiko bortz lagunek erabaki ginuen, hunaindiko lau eskulan-herrietan gaindi ibiltzeko aste bat osoa, Irungo Kandio Arruabarrena gidari, bazter ikuska. Gazteitzen ez ginuen Apezgaitegia ahanzten ahal, eta han egin ginituen eskualzale bipil baten ezagutzak: ongi-etorririk goxoena egin zaukun eta eni eman, orduan agertu berria zen La poesía popular vasca.

        Denek asmatua duzue nor zen.

        Egia erran, haren izena ez zitzaitan batere arrotza. Ordukotz irakurtzen nituen hemengo eskual-aldizkari gehienak, eta bertzalde Martin Lecuona zenaren adixkide mina nintzen, aintzineko bi urtetan Markiegi zenarekin, Uztaritzen, zonbait egun iragan baitzituen, udakari, eta ene auzo hurbil. Nola solastatuko ginen, don Manuel maiz eta ardura aipatu gabe?

        Geroztik gertatu dira beltzak eta gorriak: ez dut nik hemen gaur, egun deitoragarri hoitaz bertzerik erranen: bainan urrundik bada urrundik, euri edo ateri, Manuel Lecuona jaun apezaren lanari jarraiki gitzaizko, miresten ginuelarik haren adimenduaren eta jakitatearen hedadura, haren luma aberatsa bezala.

        Jadanik bi aho ederrek argitarat eman dute zer zor dioten Lecuona jaunari liturgiak, edestiak eta edertiak.

        Behar omen dautzuet gogoratu zer zor dion eskual elertiak ere.

        Ordu-laurden barne, ez dut ondikoz axaletik eta gain-giroki baizik aipatzen ahalko, nola don Manuel izan den hizkuntzalari bipil, liburu-epaile jakintsu, idazlari oparo, antzerki-egite artex, olerkari xukun eta herri-elerti ikertzale sakon.

 

* * *

 

        Izkuntzalariz, gure Lecuonak eskuararen berezitasun batzu aztertu ditu, hitz zonbaiten erran-nahia zeaztu, bertze askoren iturburua bilatu. Adibidez, eskual deikia edo vocativoa nola egiten den, bi lanetan erakutsi dauku: izenekin berexten ditu deiki hutsa (seme, ator etxerat), deiki artilculuduna (Agur, jauna), deiki ori-duna (seme maite ori, atoz gugana), deiki jokatu edo deklinatua (seme maite horrek, laster egizu); eta ohartarazten gaitu, eskual aditzak ere baduela bere deikia, bereziki ika mintzatzen girelarik: hor duk, hor dun, eta abar.

        Hitz zonbaiten ikurra argitu duela erran dugu: adibidez, Azkuek bere iztegian bazaukan noski hitzak «sin duda» erran nahi zuela. Lecuonaren arabera, Oiarzunen beintzat, hitz horrek subjective, nor bere baitan, «segurki» erran nahi du, bainan objective, gauzaren aldetik, «beharbada»; hots, oro har, Lapurdiko «nik uste» bezalako zerbait. Berdin salatu dauku izanki, egoki, eramanki eta hortako aditz-erak ez direla Oiarzunen gerundioak, infinitivoak baizik.

        Hitzen iturburuak bilatuz, aztertu ditu Zipitria abizenaren gorabeherak, eta aurkitu Zufiri deituratik sortua dela. Bainan huna garrantzia handiagoko zerbait; askok uste baitzuten krixtautasuna gutarterat hego aldetik edo ekaldetik etorria zela, Lecuonak duda batzu piztu dauzku: ezen goroxe, eleiza eta gisa hortako hitzak iparren baizik ez dira ethorri ahal izan, fonetika-legez beintzat.

 

* * *

 

        Bainan bego izkuntzalaritza, eta dugun aipa kritika edo epaikaritza. Hortan ere norbait da Lecuona: badu hortako begi eta luma ukaldi. Zonbat libururen berri ez du aldizkarietan eman, argi eta garbi? Erasia handirik gabe adi-arazten du aldi bakotx, lanak ezer duen balio, ala mamiz, ala axalez: goresmenen artetik, hitz-erdika badaki behar-orduan esondatzen, biligarroen artean bazitazkela, ahantzirik, zonbait xoxo: bainan ez du ausiki ez aztaparkada gaixtori: irri-mirri jostagarri bat doi-doia, egiari bere bidea emaiteko heinean, nehori minik egin gabe.

        Adibidez, irakur-zkitzue Egan aldizkarian agertu dituen iritziak; irakur Santa Klararen kantu xaharraz ontu duen hitzaldi ohargarria; irakur hemezortzigarren mendeko «Gabon-kantak» haren argibidekin; irakur oroz gainetik Axularen Geroari eratxiki dion itzaurre joria: ezagut-arazten dauku nor zen Sarako erretor famatua, nolakoa haren liburu baliosa, zer hartu behar dugun, eta zer utzi orduko idazkeratik.

        Lecuona ez da haatik bertzeen eskuara epaiten ari, bera eskual lanetan murgildu gabe: hitz laxo ala hitz neurtu, eskuara herrikoia baderabil, doi-doia garbiturik, beti errex, beti labur, beti argi: hala beharrez, ulergarriago izan uste duenean, berdin erainen dauzkitzue han-hemenka latin edo erdal piko batzu. Montaigne zaharrak erraiten baitzuen: «Si le français n'y peut aller, que le gascon y aille»: frantsesa ez bada aski, bota kaskoina, uste dut don Manuel aburu berekoa dela nahiz ez den ez garbizale, ez mordoil, izaitekotz herrizale apain.

        Mintzaire miresgarri hortaz baliatu da itzulpen hainitzen egiteko, oxtion Oñatibia jaunak erran duen bezala: liturgia, dotrina, apezpiku-gutun edo karta, eta ez du hain aspaldi orok dakigun Bidea. Bainan bere burutarik ere egin du zerbait baino gehixago. Adibidez, aldizkarietako hainbertze artikulu desberdinez bertzalde, nola ez aipa bi antzerki: Ehun dukat eta Ameriketako osaba, berrogoi-ta-hamarna orrialde dauzkatenak, eta biak ezinago jostagarriak? Nola ahantz haren olerki bakun, pollit, ongi neurkatuak, izan dadin Jesu aurraren bizitza, izan diten bertze bertsu... bere bihotzetik jaioak, herriko kopla zaharren modurat.

        Nahi dautzuet entzun-arazi haren olerki laino hunkigarrienetarik bat:

 

 

                SORTZEA

 

                Orain esango degu

                Jesutxoren bizitza,

                abesti politik entzun

                nai duanik balitza...

                — abesti politik entzun

                nai duanik balitza,

                orain esango degu

                Iesutxoren bizitza...

 

                — Yo-a-kin eta Ana,

                alaba nun dezuten?

                — Ez dagola, ez, etxean

                ez dagola, ez, emen.

                Yerosolimen dago gure

                Yabe yauresten...

                Ez dagola, ez, etxean,

                ez dagola, ez, emen!

 

                Simeon aiton zarra

                dago Jerosolimen:

                — Miremtxu nexka polita

                ikusi dezun emen?

                —Uso txuri batek zizun

                emen izena Mirem

                Orain ezkonberri dago

                gaxoa Natzareten.

 

                Yosepe gizon ona

                bizi da Nazareten:

                — Nun dezun zure usoa?

                nun dezun zure Mirem?

                — Lanean goxotxoa,

                lan ta otoitz egiten,

                Mesias salbatzallea

                etor dedin lenbaitlen.

 

                Mesias Xalbatzallea

                badator ba oraintxen:

                Yaunaren mandataria

                orain dator zeruren:

                ...Agur, agur, Miremtxu!

                agur, bai, agur, Mirem!

                Zu izango zera Ama

                Aitaren Semearen...

 

                — Nola diteken ori,

                ori nola diteken?

                — Goikoak emango dizu

                ber'itzal ta amas goien.

                Birjin izango zera

                beti ama izan arren

                — Birjin ta Ama nadilla

                diozun bezela. Amen

 

 

        Bizkitartean ez diote Manuel Lecuonari bertsuek bildu bere omen gehiena, bai ordean herri-olerkariari eman dion artak eta hari buruz erakutsi duen jakitate handiak.

        Gazte danik bilatu izan ditu kopla zahar hainitz, eta asko agerarazi, bai Anuario de Eusko Folklore delakoan, bai bertze aldizkarietan, bai eta, erakusbide gisa, bere liburuetan ere.

        Bortz obra bereziri esker ezagut-arazten dauku eskualdunen herri-olerkia. Hek dira:

                — Métrica vasca (1918)

                — Las toberas (1920)

                — La poesía popular vasca (1934)

                — Literatura oral euskérica (1936)

                — Literatura oral vasca (1965).

        Lan horiek elgarren ahaide urbil dira, bainan asko gaietan elgar osatzen dute.

        Don Manuelek argitu gai nausiak huna zoin diren:

                — Herri-elertiaren ohiko legeak;

                — bertsolaritza;

                — kopla zaharrak;

                — apaindurazko olerkiak;

                — herri-antzerkiak;

                — ipuin-kantak.

        Sail bakotxari datxizkon azalpen eta xehetasunak eman behar baginitu, aratsalde guziaren betetzekoa baginuke, bazkariaren kaltetan. Ez dautzuek holakorik eginen: ez izan beldurrik.

        Bizpahiru lerro bakarrik sei gai handi hoietaz.

        Herri-poesiaz, Lecuonak dio nola bertsuetan itxurapenak laster mugitzen diren, zoin guti aski duten elgar-deitzeko ala soinuz, ala iduripenez, ala auzotasun hutsez, logika formalik gabe, barneko lokarri zerbait duten ber.

        Bertsolaritza biziki zaharra dauka, berexten ditu sasi-bertsolariak egiazkoetarik, argitarat emaiten nola konpontzen dituzten pontu, bertsu, neurkada eta aire-soinuak.

        Kopla zaharren teknika berdin sakonki aztertzen du, beren elerantza labur, motz, bethearekin.

        Apaindurazko olerkiak arta berezi batekin bipildu ditu: bogoi bat etsenplu badakarzka, trikiti-trikixak barne.

        Antzerki zaharretan aipu ditu pastoralak, galarrots-toberak, gabon-kantak, zoin beren legekin.

        Ipuin-kantueri, eskual erromantzeri ere ohartu da, nahiz ez duen harrobia ideki baizik: bainan oihan-sasietan gaindi ez dea zerbait, bide berri baten erakustea ere?

        Horra bururaturik eman zinautaten lana.

        Don Manuel, zutaz mintzatu-eta, zuhauri bi hitzen erraitea haizu bekit.

        Goresmen eta esker mila hainbertze urtez egin duzun lan ederra. Ixil-ixila, hainitz egin duzu Jaungoikoaren aintzaren gatik eta eskualdun arimen onetan.

        Bidasoz haindiko apez eskualdunen izenean agur kartsu bat bai zuri, bai zure inguruan diren guzieri.

 

aurrekoa hurrengoa